Trinitate plazan joko dute Gaueko Itzalak eta Oreindik taldeek Donostiako Aste Nagusian

itxaso-moreno 2011ko uztailaren 22a

Donostiako Aste Nagusiko egitarau ofizialaz aparte, gazte batzuk jai alternatiboak antolatzen dituzte: “Piratak” eta egitarau alternatiboaren barruan musika talde gazteei ezagutarazteko aukera emateko lehiaketa antolatu dute maiatza bitartean. Aurkeztu ziren 30 taldeetatik hiruk Aste Nagusian, Trinitate plazan kontzertua zuten sari eta parte hartu duten herriko bi taldeek, Gaueko Itzalak eta Oreindik lortu dute kontzertuan jotzeko aukera. Kontzertu eguna finkatu gabe dago momentuz eta hurrengo TXINTXARRIN argitaratuko dugu.

Beñat Esnaola / Gaueko Itzalak

“Oholtza gainean asko irabazten dugu”


Harrobi polita dago Lasarte-Orian musika taldeei dagokienez. Gazte asko musika munduan murgildu eta euren ametsak egi bihurtzen saiatzen dira. Hauetako bat da Beñat Esnaola, Gaueko Itzalak taldeko bateriajolea. Orain dela gutxi disko berria plazaratu dute eta aurten Donostiako Aste Nagusian kontzertua eskainiko dute Trinitate plazan.

Pasa den urtean Arramazka taldeko bateriajole bezala, aurten Gaueko Itzalak taldearekin. Beñat Esnaolak bigarren aldiz joko du abuztuaren erdialdean Donostiako Aste Nagusian. Espero ez bazuten ere, Gaueko Itzalak finalera pasa eta Trinitate plazan egongo da.

Zergatik aurkeztu zineten Piratek antolatzen duten lehiaketa honetara?
Ni pasa den urtean Arramazka taldearekin aurkeztu nintzen eta irabazle suertatu ginen. Data hauetan lehiaketa hau ospatzen zela bagenekien eta myspace-ra informazioa iritsi zitzaigunean pentsatu gabe aurkeztu ginen.
Orain dela gutxi atera dugun diskoko hiru abesti bidali genizkien. Eta 30 talderen artean finalerdietara pasa ginen. Finalera iristeko Kortxoenean gaztetxean, Grosen kontzertua eman behar genuela esan ziguten. Harrituta geratu ginen zeinen ongi antolatuta dagoen ikusita.

Bi astetan izan ziren kontzertuak, hiru talde ostiral bakoitzean, orotara sei talde. Hauen artean hiru finalera pasako ziren, eta horien artean sartu ginen. Beraz, Trinitate plazan jotzeko txartela eskuratu genuen.
Espero zenuten?

Sorpresa izan zen lehenengo aukeraketa hori. Guk metal estiloa jotzen dugu eta egun jendeak dituen aurreiritziekin, uste genuen beste musika estiloak gu baino aukera gehiago izango zituztela.
Baina lehenengo fase hori pasa eta gero esperantzak ugariak ziren. Badakigu zuzenekoetan asko irabazten dugula. Hasieratik gogor atera ginen eta kontzertu osoan zehar guztia eman genuen. Txartela lortu ez bagenu kolpe handia jasoko genuen.

Nolakoa izan zen publikoaren harrera?
Kontzertuan ez genuen hainbeste jende espero. Herritik nesken futbol taldeko kideak etorri ziren, euren entrenadorea eta gure lagun batzuk. Kontzertua primerakoa izan zen, oso beroa.

Hiru talde finalera eta horietako bi herritarrak, kontent?
Bai, oso. Ondo eramaten gara, gainera guri lehenengo asteburuan tokatzen zitzaigun jotzea eta beste kontzertu bat genuenez, aldaketa eskatu eta Oreindikekoek aldatu ziguten. Talde bat publikoak aukeratzen zuen botoen bidez eta beste bi taldeak epaimahaikideek. Oreindik eta gu azken hauei esker egongo gara Trinitate plazan.

Pozgarria da adituek aukeratuak izatea?
Hauek musika eta ikuskizuna begiratzen dute gehiago. Botoa eman zuten ikusleen artean lagunak ziren. Talde bat ezagutzen baduzu berari emango diozu zure bozka nahiz eta bestea gustukoa izan.

Zer dauka ona txapelketa honek?
Orain dela hiru urte sortu zuten musika lehiaketa hau piratek jai alternatiboen barruan. Hasi berri diren taldeentzat oso aukera ona da ezagutzera emateko. Gainera, Aste Nagusian eta Trinitate plazan jotzeko aukera zabaltzen dizu. Propaganda oso ona da.

Zerbait berezia prestatuko duzu kontzerturako?
Momentuz ez. Udaran kontzertu batzuk ditugu eta momentuz hauetan jotzen prestatuko dugu Aste Nagusiko kontzertua. Abuztu erdian izango da kontzertua, beraz, momentuz badugu denbora nahikoa.
Aurreko urtean Arramazka, aurten Gaueko Itzalak...
Kontzertu ezberdinak izango dira. Bi taldeetan bateria jolea izan banaiz ere, Arramazkak estilo lasaiagoa zuen, eta Gaueko Itzalak beste puntua.

Nola doa uda?
Uste baino hobeto. Ekaineko asteburu guztietan izan dugu kontzerturen bat eta momentuz uztailean ere ondo goaz. Iparraldean asko jotzen dugu, badirudi gure musika gustuko dutela.

Jokin Telleria / Oreindik

“Plaza ezberdinetan jotzea dugu helburu”


Oreindik taldekoek Donostiako Jazzaldian jo zuten bart eta Aste Nagusian bi aldiz joko dute. Piratek antolatu duten musika lehiaketaren finalean izango dira eta bestalde, Amnstelek jaietan Donostiako kaleetan zehar ibiliko duen furgonetan ere joko dute musikalari gazte hauek. Oreindik taldearen musikaz gozatzeko aukera zabala egongo da beraz aurten Donostiako jaietan.

Jokin Telleria Oreindik taldeko bateria jolea da. Aurten Donostiako jai alternatiboetan joko dute. Espero ez bazuten ere Piratek antolatzen duten jai egitarauaren barruan bere lekua eskuratu dute.

Lehenengo aldiz aurkezten al zarete lehiaketara?
Myspace bitartez enteratu ginen, mezu bat iritsi zitzaigun eta talde bezala gure helburua toki askotan jotzea denez, kontzertu berri bat emateko aukera bezala ikusi genuen. Zorionez gainera pasatzea lortu, eta orain finalean gaudenez, orotara bi kontzertu ematea lortuko dugu beraz. Gainera, gogo handia dugu Trinitate plazan jotzeko.

Ezagutzen zenituzten jai alternatibo hauek?
Egonak gara. Egitarau polita eta indartsua dute. Ekarri izan dituzte Bebe, Sorkun, musikari gazteak,... Jai gazteak dira, hemengo Sorgin Jaien antzerakoak.

Nola imaginatzen duzue kontzertu hori?
Giro polita egongo da. Guretzako aukera ona da, jende berriak ikusiko gaitu. Kontzertu ederra izatea espero dut. Egin dugun kontzertu politenetarikoa izango da.

Zerbait berezia prestatu al duzue?
Gure egitaraua nahiko markatua da. Beste herrietan emango ditugun kontzertuak honetarako entsegu bezala erabiliko ditugu.

Nolakoak izan ziren finalerdietako kontzertu horiek?
Lehiaketan 30 taldek parte hartu genuen, eta horietatik sei izan ginen aukeratuak. Gero bi kontzertu antolatu ziren Kortxoenean, bakoitza hiru talderekin. Gu lehenengo egunean, lehenengo taldea izan ginen eta giroa nahiko hotza zen oraindik. Ekitaldia ireki genuen, arratsaldeko 20:30etan hasi ginen eta lagun asko, lanetik atera berriak, ezin izan ziren joan goiz zelako.
Baina hori bai oso esperientzia polita izan zen eta lekua bete egin zen. Kortxoenea ezagutu genuen.

Espero al zenuten finalerako txartela?
Beti daukazu itxaropena, baina ez genuen espero. Jakin genuenean ikaragarrizko poza hartu genuen. Berdin zaigu non jo, taldea ezagutzera eman nahi dugu. Azkenean gauza dexente ateatzen ari zaizkigu eta gogoarekin gabiltza.

Pozgarria al da epaimahaikideek aukeratua izatea?
Ikusleek donostiar taldea aukeratu zuen, ezagun gehiago zituzten, beraz boto gehiago. Epaimahaikideek aukeratuak izatea ondo dago, ondo jo genuen eta baloratu egin zuten gure lana. Nahiko zorrotzak gara eszenatokian eta hori islatu nahi dugu kontzertuetan, hori baloratzen dutenean asetuta geratzen zara.
Hiru taldek joko dugu eta hiruak oso estilo ezberdinekoak, hori oso ondo dago.

Lasarte-Oriako bi talde gainera, kontent?
Herrian harrobi polita dagoela erakusten du. Zerbait berezia du Lasarte-Oriak, oso gustura gaude emaitzarekin.
Trinitate plazan jotzeaz gain beste kontzertu bat ere izango duzue Aste Nagusian.
Amnstelen kamioian ibiliko gara. Donostian zehar ibiliko da gure musika. Kamioira igo eta puntu ezberdinetara eramaten zaituzte bertan jo dezazun.
Amnstel kamioian emango dugun kontzertuan abuztuaren 15ean izango da.
Beraz, aurten kontent Aste Nagusian bi kontzertu eskainiko ditugulako.

Nola dator uda?
Azkenean kontzertu ugari atera zaizkigu. Momentuz sei zazpi kontzertu ditugu aurreikusiak, Mutrikun, Arbonan, Zarautzen,... Plazan jo nahi dugu. Berdin zaigu non, ez dugu inongo katxerik. Jotzea dugu gustuko, musika egitea gustatzen zaigulako.
Gure estiloa berezia da funk eta rock-aren arteko ertz horretan kokatuta, gogokoa dugu. Oso ondo pasatzen dugu eta uste dugu hori eszenatokian islatzen dugula. Gainera, gero eta hobeto sentitzen gara oholtza gainean.
Taldea aurrera doa, gero eta abesti gehiago sortzen ditugu eta horrek taldean gero eta gusturagoa egotea ekarri digu.
Taldea aurrera doa eta hori nabari da. Donostiako 46. Heineken Jazzaldiari hasiera eman dion Jazz Band Ballean jotzeko aukera lortu dugu “ZU falta al zara Jaialdian” lehiaketari esker.

Zer esango zenieke herritarrei kontzertura joateko?
Hiru taldetik bi lasarteoriatarrak izango dira aurten Piraten jaietan, eta hori aitzaki polita da Donostiara joateko. Gainera hiru taldeak estilo ezberdinekoak gara.
Batzuek Heavy edo metala joko dute, besteek ska eta guk funk eta rock-a. Ez dago aitzakirik, gustu guztietakoak elkartuko gara Trinitate plazan.
Adi beraz guztiok, eta kontzertu egunean denak Trinitate Plazara.