Santa Ana eguna ospatzeko hainbat ekitaldi izango dira gaur

Txintxarri Aldizkaria 2011ko uztailaren 26a

Gaur Santa Ana eta San Joakin eguna dugu. Ttakun kultur elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak gure herrian hain egun seinalatua ospatzeko hainbat ekintza prestatu dituzte hurrengo egunetarako: meza, Santa Ana karkaban dantza, pala txapelketa eta parodia.
Aurten gainera, berrikuntza handiena, ekintza nagusien kokalekua dugu. Artisau azoka eta Parodia Okendo plaza berrian egingo dira berriro ere.

Ohitura denez, gaur 11:00etan, Brigitarren Komentuan egingo den mezarekin hasiko da eguna.
Ondoren, mezetara joan direnek eta Brigitarren plazara hurbiltzen direnek Ttakunek antolatutako luncha dastatu ahalko dute.
Eguerdi aldera, Udaletxe ondoko Santa Ana Karkaban ikurrina jarri eta Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek agurra dantzatuko dute.

Kirola

Kirolerako tartea ere egongo da egun honetan.
Loidi-Barreneko frontoi berrian, 18:30etatik aurrera, Santa Ana txapelketako finala eta 3. eta 4. postua erabakitzen duen partida ikusi ahalko dira.

Desfilea

Gauean, berriz, 22:30ak aldera hasiko da Parodia. Baina aurretik antzezle eta laguntzaileak, laurogei bat lagun inguru, herriko kaleetatik barrena ikusteko aukera izango dugu.
Semblante Andaluz elkartean bapo afaldu eta Parodia igartzen duen desfilea egingo dute.
Herriko erdigunetik eta Zumaburu auzotik igaroko dira Okendo plazara egin baino lehen.

Omenaldia

Hona iritsitakoan, Santa Ana eguneko omenaldiaren txanda izango da.
Aurten 50 urte betetzen dituen Buruntz-Azpi elkartea izango da omendua.
Bere ibilbide luzean elkarteak kirol eta kultura mailan hainbat ekintza burutu eta herriko ekimenetan parte hartu duelako izan da aukeratua.

Parodia

Ostean, eguneko ekitaldi nagusiaren txanda izango da, Parodia.
Antzerki umoretsu honetan, azken urtean herrian eta gizartean gertatutako kontu garrantzitsuenak errepasatuko dituzte. Aurten gidoigintza lanetan Amaia Tejeria, Pablo Barrio, Idoia Garzes, Jokin Ayerregaray, Mailu Arruti eta Martin Anso aritu dira.
Epaileak, Santa Ana, San Joakin eta Basajaunek abokatuen eta testiguen adierazpenak entzun beharko dituzte lehenik. Ostean, akusatuak erreko dituzten edo ez erabaki beharko dute.