26_Urdanpilleta eta Lizaso Santa Ana Pala Txapelketako garaileak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko uztailaren 26a

Mikel Bardaji eta Xabi Etxezarreta bikoteak, Eneko Urdanpilleta eta Unai Lizasoren kontra lehiatu ziren atzo arratsaldean Santa Ana Pala Txapelketan. Finala lehiatua izan zen, baina azkenean Urdanpilleta eta Lizasok garaipena eskuratu zuten, 27-35 markagailuarekin.
Bardaji eta Etxezarretak partida irabazten hasi ziren Bardajik bi paretetara egindako tanto polit bati esker. Lizasok eta Urdanpilletak berdinketa eskuratu eta hortik aurrera eurentzako izan zen partiduaren nagusitasuna. 12 tantora partidua berdintzea lortu zuten Etxezarreta eta Bardaji bikoteak, baina berriro ere Urdanpilleta eta Lizasok markagailuan diferentzia ezartzea lortu zuten. Berdinketa eman zen berriro ere 20ra, baina hortik aurrera Etxezarreta eta Bardajik ezin izan zuten markagailuan ezarri zen diferentziari buelta eman eta partidua 27-35 bukatu zuten Urdanpilleta eta Lizasoren alde. Ordu eta erdiko iraupena izan zuen partida polita ikusi zen.

Jon Peio Artetxe eta Iñigo Arluziagak Begiristain anaien kontra jokatu zuten hirugarren eta laugarren postua. Honetan ere partidu parekatua ikusteko parada egon zen Loidi-Barreneko frontoian. Azkenean, Begiristain anaientzako izan zen garaipena 33-35 markagailu estu batean. Beraz, Jon Peio Artetxe eta Iñigo Arluziagarentzak izan zen laugarren postua eta Begiristain anaientzat brontzea.

Aurten, Santa Ana Pala Txapelketako bultzatzaileetako batek utzi egin gintuen, Joxe Angel Etxebeste hain zuzen ere. Txapelketa honen 25.edizioan bere pertsona omendu nahi izan zuten bere alargunari eta semeari plaka oroigarri bat emanez. Etxebeste Santa Ana Pala Txapelketako bigarren edizioan Patxi Castro bikotekidearekin txapela eskuratu zuten.