Udako Espainiako igeriketa txapelketak burutzen ari dira asteotan eta bi herritarrek eskuratu dute parte hartzeko txartela. Haitz Mitxelena uztailean izan da Mallorcan Junior mailakoan eta Iñigo Ibarburu datorren astean joango da Valladoliden egingo den infantil mailakora.
Abuztuaren 2tik 6ra jokatuko da Valladolid-en Udako Espainiako Infantil Mailako Txapelketa eta bertan Buruntzaldea IKTko bi ordezkari izango dira, Itsaso Tolosa eta Iñigo Ibarburu. 100 eta 200 bizkar probatan lehiatuko da eta Iñigo Ibarburu lasarteoriatarra aldiz 100 metro tximeleta eta 50, 100 eta 200 libre probatan.
Lehen esperientzia
Haitz Mitxelenak lehenengo aldiz lortu du Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela eta normala denez urduri egon bazen ere, 200 tximeleta frogan bere marka hobetu eta sailkapen orokorrean 33. izan zen. Uztailaren 14tik 19ra bitartean izan ziren Mitxelena eta bere entrenatzailea Palma de Mallorcan Udako Junior mailako Espainiako Txapelketan. Borja Apeztegia entrenatzaileak adierazi digunez, "bere estreinaldia izan da maila honetako txapelketa batean eta esperientzia bikaina bizi izan du. Txapelketari dagokionez, Haitz urduri eta antsietate puntu batekin bazen ere, igerileku luzeko bere marka hobetu du (2'19''69); bere seriean bosgarren izan da eta orotara 33garren sailkapenean 5 postu aurreratuz".
Lasarte-Oriako igerilariak lehen postuetan izateko aukerarik izan ez duen arren gustura da bere entrenatzailea: Maila honetako txapelketetan lehen zeinen zailak diren jakinda eta 200 tximeleta bezalako proba zail batean are gehiago, Haitzek lan bikaina egin duela esan beharra daukagu".
Haitz Mitxelenak bukatu du denboraldia. Beraz, entrenatzailearen iritziz, denboraldi bikain baten ondoren atseden hartzeko garaia du orain.