Gaur goizean Bilduko ordezkariak udalbatzarreko aretoan prentsaurrekoa eman dute 2011ko uztailaren 28an, Lasarte-Oriako Udalean Pablo Barrio alkateari zuzendutako gutuna salatzeko. Udaletik esan dutenez, " Gutun hau, pertsona baten izenean sinatuta iritsi da posta arruntez, baina hau faltsua izatearen zantzua dugu. Uztailaren 26ean bidali zen Gipuzkoako helbide faltsu bat ageri delarik baina Madrilgo zigiluarekin".
Gutuneko adierazpenen inguruko irakurketa egin aurretik, gutuna irakurri zuten.
Gutuna irakurri ondoren, Lasarte-Oriako Bilduk gutun horretan agertzen diren hitzen salaketa egin nahi izan du, "oso larria iruditzen baitzaizkigu bertako hitzen mehatxuzko doinua eta agertzen dituen helburuak eta asmoak.
Gure nahia oso argia da. Hauteskundeetara politika egiteko aurkeztu ginen. Pausu asko eman ditugu hemen egoteko eta ilusioz eginiko bide honen lehen eta azken urratsak ez dituzte honelako gutunek oztopatuko. Herri politika sozial, ezkertiar eta soberanista egin nahi dugu herritar ororen eskubideak bermatuz. Euskal Herri ezkertiar eta independente bat eraikitzearen bidean lan egingo dugu eta gobernuan egon edo ez hori izango da gure lana" adierazi dute.
Jarraian, hau gaineratu dute "argi dugu, herritar oro bezala politika egiteko eskubidea dugula eta hauteskunde hauen emaitzek erakutsi duten bezala, jendarteak ere horrela pentsatzen du.
Ez dugu mehatxuzko gutun honen irakurketa pertsonala egiten, Pablori zuzenduta egonda ere, Bilduri eta kalean zein instituzioetan politika ezkertiar eta aurrerakoiaren hautua hartu duen edonoren kontrakoa iruditzen zaigu eta".
"Beraz, ez daukagu inolako lotsarik eta beldurrik garena azaltzeko, jakin badakigu eta bidean gaudela eta lehenengo pausuak emanak ditugula.
Bukatzeko, berriro ere gure ilusioa eta erabaki irmoa agertu nahi ditugu, gauzak beste era batean egin daitezkeela sinesten dugulako" adierazi dute amaitzeko.