Saharako haurrei harrera egin zieten atzo

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abuztuaren 2a

Oporrak Bakean egitasmoari esker aurten Lasarte-Orian oporraldiak pasako dituzten Saharako 7 haurrak herrian dira.
Hiru hegaldietan iritsi dira aurten. Lehenengo hirurak ekainaren amaieran iritsi ziren. Uztaileko lehenengo astean beste bi eta hirugarrenean azken biak.

Eta atzo goizean berriz, harrera berezia egin zien Udalak Villa Mirentxun. Pablo Barrio alkatearen esanetan, "beti esaten dugu guk beraiei laguntzen diegula, haurrak hona ekarriz, baina guri ere haur hauek asko irakasten digute. Besteak beste, zein ondo bizi garen eta ze baliabideak ditugun baloratzen irakasten digute. Duten adorea ere erakusten digute."

Porrotxen bisita eta opariak

Pablo Barriok eta Gorka Lizarragak opariak banatu zizkieten herrian dauden haurrei, eta sorpresa bat ere bazuten. Halako batean Porrotx pailazoa agertu zen Villa Mirentxun eta magia eginez, koloretako mundua mantentzea zein garrantzitsua den azaldu zien haurrei.

Ekintzak eta osasuna

Urtero bezala, ekintza ugariz betea datorkie uda Saharako haurrei. Helburua, denbora tarte txiki batez errefuxiatuen kanpamentuetatik ateratzea, bertako baldintza gogorretatik aldentzeko.
“Nazio Batuen laguntzen jaitsiera nabaritu dela aipatu zigun Sahararako lagun batek” esan digu Sahararen Lagunak taldeko kide batek, “ospitaleetan oso material eta medikamentu gutxi dago” gaineratu zigun. Halaber, esperientzia, kultura, hizkuntza, ohitura berriak ikasteko aukera dute.
Honetaz gain, haurrei mediko azterketak egingo zaizkie, osasuntsuago hazteko aukera izan dezaten.
“Familia bakoitzak bere aldetik errekonozimendu mediku bat egingo die umeei eta gero Andoaingo Mugarik Gabeko Oftalmologoek Arantzazuko ospitalean errebisio bat doan egingo diete” .