Kilimanjaro igotzeko bide ezberdinak daude. Marangu bideari koka kolaren ibilbidea deitzen zaio, erraza izanik jende askok egiten duelako. Jesus Mari Presak aldiz, tontorrera iristeko ibilbide luzeena hautatu zuen bere bi lagunekin, Machame bidea. Luzeena da baina aldi berean, mendizaleentzat politena. Guztira zazpi eguneko ibilbidea izan zen, bost egun igotzeko eta beste bi jaisteko. Mendira igo ostean, gainontzeko egunak Afrikako hainbat txoko ezagutzen eman zituzten familiarekin batera. Tartean safari bat egin eta Masai tribua ezagutzeko aukera izan zuten.
Zergatik Kilimanjaro?
Bidaia nire koinatuak antolatu zuen. Bera lagun batekin egitekoa zen eta nire mendizaletasuna ezagutuz, beraiekin joateko animatu ninduen. Horrela prestatu genuen dena. Beraiek paper guztiak bideratu zituzten eta hiruok egin genuen bidaia. Behin menditik jaitsita, emaztea eta semea elkartu zitzaizkigun.
Erraz igotzen al da bat Kilimanjarora?
Mendizalearen ikuspegitik, mendi erraza da. Zatirik zailena 4.600 metrotatik 5.895 metrotara bitartean dago, azken zatian altuera nabaritzen da eta honen eraginez, gehiago kostatzen da aurrera egitea, baina teknikoki ez du zailtasun berezirik. Mendia parke natural baten baitan dago eta bertara sartu ahal izateko 600 dolar ordaindu behar dira.
Horrekin batera, derrigorrez gidari eta porteadoreekin igotzera behartuta zaude.
Gure kasuan hiru lagun izanda, bi gidari eta zortzi zamaketari hartu behar izan genituen, haien arauek hala markatuta. Horrelako laguntzarekin igotzea berria izan zen niretzat eta oso erraza egin zitzaidan mendian gora egitea. Orain arte egindakoetan motxila nik neuk igo izan dut; bizkarrean 20kg edo 25kg eramatean, aldea dago, noski. Lau eta sei ordu arteko etapak egiten genituen egunero eta gero kanpinean lasai egoteko aukera izaten genuen.
Eroso sentitu al zineten laguntzaileekin? bertako jendea izango zen, ezta?
Bai bertakoak ziren eta noski, oso ohituta zeuden. Ikusgarria da zein erraz igotzen ziren pisu guztiarekin. Gainera ez pentsa bota edo oinetako aproposak zituztenik, batzuk gurpil zatiekin egindako zapata batzuk eramaten zituzten. Hasieran, oso deseroso sentitzen ginen haiekin.
Gu langileak gara, ez genuen inork “zerbitzatzerik” nahi baina beraiek nolabait gu eurak baino gehiago izango bagina bezala tratatzen gintuzten. Guretzako onartezina zen jarrera hori, haiekin hitz egin eta lagunak egiten saiatu ginen. Noski zenbait zama norberak igo zituen eta beraiekiko beti berdinen arteko jarrera bilatu genuen. Egoera hori eta euren jarrera hori ez zitzaigun gustatu.
Azkenean lortu al zenuten harreman onik bertakoekin?
Azkenean harremana oso ona izan zen baina kostatuta. Bukatu genuenean eramandako mendi arropa eta material gehiena multzotan jarri eta beraien artean banatu genuen.
Jende askok egiten du gailurra. Arriskutsua al da?
Badirudi jendeari ahaztu egiten zaiola baina mendia beti da arriskutsu. Edozein erorketa edo kolpek hil zaitzake horregatik beti, etxe ondoko mendira igota ere, zuhurtziaz jokatu behar da. Noski horrelako abentura batean sartzeko fisikoki prestatuta egon behar da eta mendian ibiltzen jakin.
Adibidez, hara iritsi ginenean mutil gazte koadrila bat ikusi genuen, Kanadakoak ziren eta botak eta bestelako mendiko tresna guztiak orduantxe kaxatik ateratzen ari ziren, berri-berria dena. Nola bururatzen zaie 5.000 metroko mendi bat igotzen saiatzea bota berri batzuekin? mendian ibiltzen denak, badaki hori ez dela egin behar. Gero mendian gora gindoazela ikusi genituen, batez ere gazteak, gaixo: botaka, etzanda, buruko minekin eta abar. Izugarria benetan.
Mendiak igotzea moda bihurtu al da?
Moda agian ez baina jendeak zentzugabekeriaz jokatzen du. Ez dute mendian arriskurik ikusten. Kilimanjaron ikusi genuen emakume bat ere bere 9, 7 eta 5 urteko hiru semeekin igotzen! hainbesteko altuerara haur horiek eramatea oso oso arriskutsua da eta euren osasunarentzat kaltegarria gerta daiteke.
Nik neuk altuera nabaritu nuen baina badakit horrelakoetan nola jokatu. Nabaritu bezain laster, gorputza hidratatu, likidoak edan eta minutu batzuetan atseden hartuta poliki-poliki gora egiten jarraitu ahal izan nuen. Asko ere ezin da gelditu izan ere hotzarekin izerdituta egonda, arrisku gehiago duzu edema bat izateko.
Esperientzia polita izan al da Kilimanjaro igotzea?
Zoragarria. Kontraste handiak daude; oihana eta altuerak markatzen dute diferentzia. Pirinioetan hau bezain mendi politak badaude baina hango jendearekin harremana izatea oso berezia izan da. Afrika oro har, sentitu egin behar da. Izugarria da.
Kilimanjarora igotzeko bide luzeena eta aldi berean, ederrena hartu genuen. Hasierako etapak oihanean barrena egiten dira eta tenperatura ona egiten duenez, praka motzekin ibili ginen. Hala ere gauean asko jaisten ziren tenperaturak. Ondoren laba lehorra dagoen tokitik pasa eta azken etapa, glaziarrean barrena egiten da -10 gradu inguruko tenperaturarekin. Azken etapa hau gogorra da. Altuera asko nabaritzen da. Gainera iluntasunean egin genuen, goizeko ordu batetan jaiki ginen igo eta gailurrean egunsentia ikusi ahal izateko.
Eta gailurra egitean, zer?
Iritsi eta inoiz ikusi dudan egunsenti politena iruditu zitzaidan. Sentsazio polita eta oso berezia izan zen. Inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia horietako bat. Alde txar bat ere badu, izan ere, jende asko igotzen denez, gailurrean argazkia ateratzeko ia ilara egin behar da! noski denek nahi genuen argazki hori. Goian 30 minutu egin genituen eta benetan zoragarria izan zen.
Gailurrean zer nolako argazkia aterako zenuten pentsatuta zeneukan, ezta?
Bai, gailurrera Txintxarri bat eta pailazo sudurra igo nahi nituen.
Antzerkia aspalditik egiten dut eta sinpatikoa iruditzen zitzaidan pailazoen sudurra jantzita eta eskuetan Txintxarria nuela ateratzea argazkia. Azkenean sudurra kanpamenduan ahaztu nuen baina Txintxarria Kilimanjaroko gailurrera iritsi zen.
Glaziarra oraindik hor al dago, urtzen ari omen da?
Bai oraindik goran glaziarra dago. Gidak komentatu zigun asko urtzen ari dela. Esan daiteke, gailurra berez izotza dela baina kranpoi gabe igotzen da, erraz.
Akonkaguan ere egonda zaude, ezta?
Bai duela urte batzuk izan zen. 40 urte bete nituenean erabaki nuen igotzea baina azkenean ez nuen gailurrik egin. Azken unean ekaitza sartu zen eta elur jauziak zeudela ikusita buelta eman nuen. Esperientzia polita baina gogorra izan zen. Han hiru mendizale hiltzen ikusi nituen altuerako gaitzak jota. Horrelako menditan sartu aurretik, fisikoki egoera onean egon behar da eta norbera noraino irits daitekeen argi eduki.
Orduan egin duzun mendia altuena da Kilimanjaro?
Ez, Ekuadorren dagoen Chimborazo igo nuen duela urte batzuk honek 6.500 metro inguru ditu. Tugurahua ere igota nago, egun ezin da igo kea botatzen ari delako eta aipatutako Akonkaguan, 6.100 metrotaraino igo nintzen nahiz eta gailurrik ez egin. Bestela Alpetan ere ibilita nago.
Afrika aldean, mendira igotzeaz gain, turismorik egin al zenuen?
Bai. Aipatu bezala, emaztea eta semearekin elkartu ginen Kilimanjarotik bueltan. Hauekin batera safari bat egin genuen eta Masai-ak ezagutzera joan ginen besteak beste. Inguru zoragarriak ikusi genituen.
Ezbehar bat izan genuen eta bidaiaren azken etapa egin gabe bueltatu ginen. Kostara, hondartzara joateko asmoa genuen Lamu-ra. Ahal bezain laster bueltatu beharko gara bidaia behar bezala amaitzeko.
Masai-en bizimodua bertatik bertara ikusteko, zer egin zenuten?
Hasteko Masai-ekin egoteko ordaindu behar da. Tribuko nagusiarekin sarrera negoziatu behar da baina ez da garestia eta merezi du. Behin sartuta beren bizimodua nolakoa den ikustea ikaragarria da.
Ume guztiak gerturatzen zaizkizu eta beraiek egindako bitxiak saltzen saiatzen dira. Negoziatzeko gogorrak dira. Euren bizimoduak, denboran atzera ehundaka urte egitea dela dirudi.
Safarian animalia basatiak ikusterik izan al zenuten?
Bai noski. Hasieran uste genuen ez genuela ezer ikusiko. Duela bi urte Senegalen d egon ginenean, gustura ibili ginen, baina safari bezala saldu zigutena, azkenean, zoo batera joatearen antzekoa izan zen. Baina honetan bai, animalia basatiak benetan ikusi genituen eta zoragarria izan zen.
Dokumentaletan ikusten dena bertatik bertara bizitzea izugarria izan da guztiontzat. Lehoia kotxeen ondotik pasatzen, jirafak, zebrak, elefanteak... animali asko eta benetan ederrak.
Tarangiren izan zen Safaria, Maynara lakuaren inguruan eta Gorongoro-n, paraje benetan ederretan. Bi eguneko iraun zuen safariak, baina animaliak ikusten ari ginenez denbora oso azkar pasatu zitzaigun. Semeak argazkiak egiten pasa zituen orduak, dena benetan harrigarria zelako. Niretzat, bidaia, aspaldiko amets bat betetzea izan da, eta asko disfrutatu dugu esperientziarekin guztiok.
Hurrengo bidaia zein izango den pentsatu al duzu?
Asko gustatzen zait bidaiatzea eta uste dut hurrengoa familiarekin amaitu gabeko bidai hau behar bezala egitea izango dela. Denak gaude bueltatzeko gogoarekin. Afrika beltza gehiago ezagutzeko grina sartu zaigu.
Europan zehar dagoeneko asko ibili gara eta ni Latinoamerikan ere egonda nago, aspaldi. Afrikak zerbait berezia dauka, harrapatzen zaituen zerbait.
Dena den, askotan urrutira joateko joera dugu eta gure inguruan ere paraje zoragarriak daude eta iruditzen zait benetan merezi duela hauek ondo ezagutzeak.