28“Ezin parte hartuak sutan jarri ninduen”

Nerea Eizagirre 2011ko irailaren 1a

Duela aste batzuk Imanol Kaskante Lasarte-Oriako udaltzainak New Yorken egin zen Suhiltzaile eta Polizien Joko Olinpikoetan parte hartu zuela argitaratu genuen. Hala baina, herritar bat ere bertan egon zen, Imanol Arteaga.
Tolosan dago suhiltzaile lanetan eta New Yorkera joan zen triatloian eta igeriketan parte hartzera. Tamalez, Irene urakana zela eta, triatloieko proba bertan behera geratu zen, Artegak berak kontatu digunez.

Zer dela eta erabaki zenuen olinpiadan partehartzea?
Diputazioko suhiltzailea naiz eta denbora asko egin dut interino bezala. Tartean Ordiziako parkean urte batzuk egin nituen eta han dagoen bat beti joaten da joko olinpikoetara.
Orduan esan zidan eta nik aurrerago egingo nuela esan nion, plaza lortutakoan edo. Plaza lortu nuenean hurrengoa New Yorkekoa zen eta animatu egin nintzen.

Nola prestatu zenuen proba?
Hasiera batetik, bi probetara apuntatu nintzen. Triatloia bat, hori egiten dudalako eta prestakuntza bideratua nuelako: uztailean bukatu beharrean, abuztu amaiera arte luzatu nuen. Baina bereziki ere ez.
Eta gero triatloian igeri egin behar denez, hori izan zen bigarren proba.

Eta bidaia?
Bidaia, inskripzioa,... guztia nik egin nuen. Lan asko da.
Bizikleta eramateko ere hotelek arazoak jartzen dituzte, ezin dira sartu. Beraz, apartamentua bilatu behar izan genuen. Topatu genuen bat nahiko txukuna.

Zure bizikleta eraman zenuen, beraz?
Han alokatzea bazegoen, baina kanpotik gindoazenak asko ginen, 700 bat edo, eta alkilatzeko kopuru bat dago.
Batzuk alokatu zituzten, nik nirea eraman nuen. Horretarako maleta erosi behar duzu eta apartamentu baten muntatu.
Prestakuntza baino lan gehiago ematen du guztiaren koordinazioak.

Lasarteoriatar bakarra izan zinen. Baina eremukoak zenbat joan zineten?
Lasarte-Oriako udaltzaina joan zen, baina lasarteoriatar bakarra, nik dakidala. Bestela, Gipuzkoatik bi suhiltzaile joan ginen, nire laguna eta biok. Ertzainak sei-zortzi. Euskal Herri mailan, Bizkaiko suhiltzaile dexente. Haiek egutegiekin eta dirua ateratzen dute eta mordoska doaz beti.

Nolakoa izan zen New Yorkeko bidaia?
Azken finean ez da proba ofiziala, kirolaren inguruan egiten den festa antzekoa da.
Gogo handiekin joan nintzen partehartzera eta bestela ere, disfrutatzera. Gainera, nire neska eta koadrilako beste bikote bat joan ziren. Oporretara bezala joan ginen.
Alde horretatik, polita izan zen. Ondo joan zen dena.

Nabaritu al zenuten urakana?
Bai, larunbatean iritsi eta igande goizean izan zen, 12 orduko gauza.
Euria, batez ere, gauean egin zuen eta ez genuen nabaritu. Haizea gauean hasi eta igande eguerdira arte egin zuen. Ikaragarri ez, baina dexente.
Guztia itxi zuten. Kalera atera eta New York-en inor ez ikustea, harrigarria zen. Dendak itxita, metrorik ez zegoen, taxirik ez zebilen... Ez zegoen ezer. Poliziarik ere ez! Normalean bazter guztietan zeuden.

Gauzak horrela denbora izan al zenuen bertan prestatzeko?
Hemendik atera eta hegazkinean izan genuen urakanaren berri. Hara iritsi eta lehenengo egunean, inaugurazio hitzaldian megafoniaz esan zuten larunbat eta igandeko probak bertan behera geratzen zirela. Eta astelehenean edo noiz hasi ikusiko zutela. Nik proba igandean nuen eta beraz ezin izan nuen egin.
Ideia zen han geure kabuz bizikletan ibili eta igeri egitea. Baina deskolokatu nintzen eta ez nintzen entrenatu.

Ezin izan zenuen zure gustuko kirola egin, beraz?
Ez, gainera ezin parte hartzeak sutan jarri ninduen. Beherakada txikia izan nuen triatloia bertan behera geratzen zela esan zutenean. Nire buruari galdetu nion, bizikleta hona zertarako ekarri dut?
Azkenean igeriketa eta bizikletan erlojupekoa egin nuen, gure proba egin ez zenez triatletei utzi egin ziguten eta, moldaketa egin zuten.
Hala ere, ez zekiten ziur proba egingo zen edo ez.

Eta nola joan ziren probak?
Igeriketa proba polita izan zen. Queens distritoko hegoaldean, itsasora ateratzen den hondartzetan.
Probak 3.200 metro zituen, 2 milia (ez dakit lurrekoak edo itsasokoak). Baina gutxi gora 3.200 metro.
Beldur ginen, urakana pasa eta sei egunetara nolako egoeran egongo ote zen. Baina oso ondo zegoen, zerbait pasa zela nabari zen, baina besterik ez.

Eta erlojupekoan, zer moduz?
Antolakuntza arazoak izan genituen. Triatleta askok izena eman genuen bat-batean eta beraz, antolakuntzak espero baino partehartzaile gehiago batu ginen.
Aerodromo batean zen proba eta hara joateko autobus bat zegoen aurreikusia. Partehartzaile gehiago ginenez, ez ziren batean sartu eta bi joan-etorri egin behar izan zituen.
Gu metroz joan ginen. Iritsi ginenean jende pila falta zen. Hala ere, geundenekin hasi ziren. Bakoitzak bere ordua zuen eta bertan ez zeudenek aukera galdu zuten.
Azkenean, bertan ginen guztiek proba egin eta lehiaketa bukatutzat genuenean, iritsi zen bigarren autobusa. Eta haientzat beste irteera ordena egin eta lehiatu ziren.
Igeriketako antolakuntza oso ona izan zen bezala, bizikletakoa desastrea izan zen.

Baina nola ibili zinen proban?
Niretzat oso proba motza zen, dena eman nuen eta leher eginda bukatu nuen. 16 kilometro ziren eta 20 minutu egin nituen. Triatloiean distantzia olinpikoa zen, milia bat eta piko, eta normalean bi ordu egiten dituzu.
Nik ez nuen gustura egin. Baina triatloieko arantza kentzeko bizikletan ibili nintzen behintzat.

Esperientzia polita izango zen hainbat jende ezagutzea, ezta?
Bertakoak uste dut ez zirela enteratu. Espainiar Estatutik jende asko joan zen, hirugarren edo laugarren herrialdea da parte hartzaile kopuruan. Orduan, bazter guztietan ulertzen zinen. Katalanak ikaragarri zeuden, madrilgoak ere bai. Beti zegoen baten bat, nongoa zara? galdetzen. Alde horretatik, jendea oso jator.

Hemendik bi urtera errepikatzeko asmoa al duzu?
Bai. Hurrengoa Ipar Irlandan da, Belfasten. Bertara fijo noala. Gertu dago eta polita izan behar du.