Errausketaren aurkako Gipuzkoako plataforma ezberdinek Zubietako erraustegiaren eraikuntza sei urtez atzeratzeko aukera ikusten dute, eta hainbat aldiz eskatu duten moratoria ematen bada aukera ikusten dute Usurbil, Oiartzun, Hernani eta Antzuolako esperientzia zabaltzeko. "Denbora hori erabili behar dugu atez ateko bilketa Gipuzkoako herri guztietara zabaltzeko, horrela errausketa erregairik eta zentzurik gabe uzteko. Baina horretarako herriz herri eskatu behar dugu, herriz herri lagundu behar dugu eta herriz herri kontrolatu behar dugu pausuak egokiak eta garaiz ematen direla".
Erraustegiaren aurkako plataformen koordinadoraren ustez, argi dago azken hauteskundeetan Errausketaren aldeko apustua egin zutenek "jipoi" galanta jaso zutela eta aldiz, hondakinen kudeaketa arrazionalago baten aldekoek hartu dutela agintea Gipuzkoako Udal gehienetan eta Foru Aldundian. "Gure ustez aldaketa ezin positiboagoa izan bada ere, inork ez dezala pentsa honekin arazoa konponduta dagoenik, erauste planta historiara pasa denik. Aldaketa pausu bat besterik ez da, beharrezko pausu bat". Beraz, errausketaren aurka eta hondakinen gaikako bilketaren alde lan egiten jarraitzeko deia luzatzen dute, "Ezin dugu, ez da komeni, lan eta ardura guztia agintari berriengan utzi, gizarteak gainean eta alboan egon behar du hondakinen kudeaketaren politikan datozen urte hauetan benetako aldaketa eman dadin eta erraustegia behin betiko albo batera utz dezagun".
Horregatik deia luzatu dute igandean goizeko 11:30etatik aurrera Donostiako Kontxa hondartzan egingo dute giza katean parte hartzeko. Erraustegiaren aurkako plataformek UGT izan ezin beste sindikatu guztien eta talde ekologisten babesa jaso dute.