Udal Gobernuaren Koherentzia falta salatu du Jesus Zaballosek

Txintxarri 2011ko irailaren 7a

PSE-EE alderdiko eleduna den Jesus Zaballosek prentsa ohar baten bidez adierazi duenez Lasarte-Oriako agintari berriek ez dute zuzen eta koherente jokatu, oposizioan zeudenean Polikiroldegiko ordutegia kritikatu eta ordu gehiagotan zabaltzeko eskatzen bazuten ere, ordutegi hori ez dutelako aldatu: “Sozialisten Udal Taldeak Bildu, EAJ eta Plataformak osatu duen Gobernu taldearen jarrera gaitzesten du: oposizioan zeudenean udal igerileku eta kirol instalakuntzen ordutegia kritikatzen bazuten ere, orain agintean daudenean ordutegi berbera jarri dutelako”.
Jesus Zaballosek gogoratzen du oposizioko alderdien kritika jaso zuela igerilekua eguerdian itxi egiten zelako (beste herri batzuetan etenik ez dela egiten argudiatzen zuten) eta Michelingo kirol gunearen ordutegia urriegia zelako herriko erabiltzaile guztien eta herriko Ostadar, Loke edo Texas bezalako kirol taldeen beharrei erantzuteko.
Zaballosek salatu duenez, “ba hain juxtu, orain, agintean daudenean, ikasturte berrirako aurretik hainbeste kritikatzen zuten ordutegi berbera jarri dute kirol gune hauetan”. Alkate ohiaren iritziz, “tamalgarria da aipatutako alderdi hauek erabiltzaile eta gure herriko “Klubekin” jolasean aritzea, lehenik eta behin zerbait agindu edo hitzeman ez, gero, aukera dutenean ez betetzeko". •