Alboka abesbatzak ostegunean hasiko du denboraldia

Txintxarri 2011ko irailaren 12a

Zumaburuko elizaren azpian duen lokalean ostegunean arratsaldeko 20:00etan hasiko du Alboka abesbatzak 2011-2012 denboraldia. Ondorengo hilabetetan kantatuko dituzten abestiak eta eskainiko dituzten kontzertuak prestatzen hasiko dira lehen saio honetan, 2011ko azken hiru hilabetetan egitarau bizi eta zabala baitaukate Albokako kideek.

2011-2012 ikasturteari hasiera emango dio Alboka abesbatzak ostegunean. Ikasturte berri zabal, pozgarri eta itxaropentsua dutela aurreratu du Borja Rosales arduradunak. Urria amaieran Cadiz aldera joango da taldea, eta Puerto de Santa Marian kantatuko du, hango "El jardín de Schonber" Schonberren lorategia abesbatzari bisita itzuliaz. Azaroan aldiz, Legazpian kantatuko dute, hango abesbatzak ekainean Lasarte-Oriara egindako bisita itzuliaz. Eta urtero bezala Gabonetako kontzertua ere eskainiko du Lasarte-Orian.
Bestalde, Albokako arduradunek adierazi dute kantatu nahi duten guztiei zabalik dagoela abesbatza. "Albokan parte hartzeko ez da musika ikasketarik behar. Eskatzen dugun bakarra, ikasteko gogoa eta ilusioa da. Denak dira ongi etorriak".
Bestalde, Alboka Txiki haurren abesbatzan aritzeko izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi dute. Iaz aritu zirenei jakinaraziko zaie ohar baten bidez entseguak noiz hasiko diren. Berriei jakinarazten zaie, haur abesbatzaren nondik norakoak jakiteko, informazioa jaso edota izena emateko gurasoak alboka@albokaabesbatza.com helbide elektronikoaren bidez jarri daitezke harremanetan arduradunekin.