Euskara ikasteko aukera ezberdinak eskaintzen dituzte Lasarte-Oriako euskaltegiek, euskalduntze eta alfabetatzea, azterketen prestakuntza, autoikaskuntza (bakoitzak komeni zaion ordutegiarekin eta bere kabuz ikasteko) eta erabilera bultzatzeko ekintzetan parte hartzeko aukera, esaterako herriko solaskide programan mintza praktika egitekoa. Gainera euskara ikasteko diru laguntzez baliatzeko aukera izango da urtero bezala.
25 urte
Udal Euskaltegian ikasturtea irailaren 26an hasi eta ekainera arte luzatuko da, astelehenetik ostegunera ematen dira klaseak, eta bertako arduradunek adierazi digutenez, 2011-2012 ikasturtea berezia izango da Udal Euskaltegiak 25 urte betetzen dituenez, ekintza bereziak egingo direlako urtean zehar.
Bestalde, Udal Euskaltegiak iazko emaitzak errepikatu nahi ditu, "urte oso ona izan zen, guztira berrehun ikasle inguru izan ziren autoikaskuntza barne dela", adierazi digute.
Ikasleen nahiei erantzun
Aek Muntteri euskaltegian urriaren 3an hasiko da ikasturtea eta iraila osoan dago izena emateko aukera.
Iaz autoikaskuntza sistema martxan jarri eta izan zuen arrakasta dela eta aurten ere norberak bere erritmo eta denbora librearen arabera tutore baten laguntzarekin ikasteko aukera eskainiko du euskaltegiak.
32 urte daramatza Muntteri euskaltegiak euskara irakasten, 14 urte Geltoki kalean, eta Olatz Urdanpilleta arduradunak adierazi digunez, beti ahalegintzen dira taldeak ikasleen nahietara egokitzen eta behar dutena eskaintzen, beraz talde batzuetan mintza praktika lehenesten da, goizeko 9etan hasten dira batzuek edota 10etan bukatzen dute beste batzuek...