Bi gaztetxoek euren marka pertsonalak hobetzea lortu zuten, Borja Apeztegia entrenadoreak adierazi duenez, luzea eta neketsua izan den txapelketa honetan. Iñigo Ibarburuk bere marka hobetu zuen 100 eta 200 metro libre zein 100 metro tximeletan. Lau jardunaldietan burutu ziren proba ezberdinak.
Lehiaketako lehen egunean Iñigo aritu zen 50 libre proban. Lasartearra goizeko 9etan lehiatu zen, taldearen ustetan oso goiz eta kanpoko igerilekuan zegoen giro eskasak laguntzen ez zuela. Estreinaldian Iñigok 27"33ko denbora egin zuen, bere markatik zertxobait gorago. Froga honetan planteamendua izan zen beharbada akats handiena taldearen aburuz. Izan ere, lehen 25 metroak oso azkar pasatzea erabaki zuten eta ondorioz, bigarren zatia oso gogorra gertatu zitzaion igerilariari. Azkenean hamaikagarren izan zen eta gutxirengatik geratu zen bere adinekoen finaletik kanpo.
Txapelketako bigarren jardunaldian bi igerilariak lehiatu ziren, 200 libre frogan parte hartu zuen Ibarburuk eta bere marka segundo eta erdian hobetuz amaitu zuen 2'10''18 denbora eginez. Aurreko egunean ez bezala, froga bikain burutu zuen igerilariak indarrak oso ondo neurtuz eta azken 50 metroak indartsu amaituz. Sailkapenean hamahirugarren postua lortu zuen. Itsaso berriz 200 metro bizkar frogan jardun zen bere marka pertsonala segundo batean hobetuz. Indarrak ondo neurtu zituen gazteak azken partziala indartsu amaitzeko.
100 tximeletako finalean
100 libre frogan Iñigok txapelketako aurreko jardunaldian bezala, bere marka hobetzea lortu zuen segundo batean. 58"40ko denborarekin, sailkapen orokorrean hamahirugarren postua mantentzea lortu zuen emaitza honi esker.
Hala ere, benetako saria txapelketako azken egunean iritsi zen herriko igerilariarentzat. Iñigo Ibarburu azken jardunaldiko100 tximeleta frogan bikain aritu zen eta finalera pasatzea lortu zuen 1'04''95ko denbora egin ondoren, hiru segundotan hobetzen zuen bere marka pertsonala.
Finalean ahalegin handia egin zuen igerilariak eta maila ona erakutsi bazuen ere zortzigarren sailkatu zen. Hala ere, erakustaldi bikaina eskaini zuen eta bere marka pertsonala berriz ere gainditzea lortzen zuen 1'04''52 eginez.
Itsaso Tolosak 200 bizkar froga izan zuen txapelketako azkena. Gazteak gogoz ekin zion lanari eta saioa indarrak oso ondo neurtuz burutu zuen. Azken partziala indartsu amaituta segundo batean hobetu zuen bere marka.
Borja Apeztegia entrenatzailearen hitzetan bi igerilariek maila oso ona erakutsi dute Valladoliden egindako Espainiako Udako Infantilen Txapelketa honetan. Lortutako marka pertsonalak horren adibide dira. Txapelketan bizitako esperientzia oso positiboa izan da eta entrenatzailea pozik azaldu da lortutako emaitzekin, guztira bost marka pertsonal lortu dira eta Iñigo Ibarburu 100 tximeleta probako finalean sartu izanak amaiera borobila eman dio parte hartzeari.