Udal langile izango da Jon Roncero

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 12a

Jon Roncero 23 urteko lasarteoriatarra da eta adimen urritasuna du. Gureak eta Atzegi elkarteek elkarlanean gidatzen duten "Pauso Berriak" ekimenari esker, gazteak hamahiru hilabeteko lanaldia izango du udalaren bulegoetan. Lanean hasi baino lehen, Gureak taldearen eskutik egin beharreko lanari zuzendutako prestakuntza zehatza jaso du gazteak eta orain praktikan jarri beharko du ikasitakoa.

Gogotsu hasi da lanean Jon Roncero adimen urritasuna duen gaztea. Edozer egiteko prest dago baina gehien gustatzen zaiona ordenagailua erabiltzea da, izan ere, informatika zale amorratua dela aitortu du bere aurkezpenean. Irailaren 2an sinatu zuten Udalak eta Gureak-ek hitzarmena eta ondoren Udalak kontratatu duen pertsona aurkeztu zuten.
Jon Roncerok beharrezkoak diren enkarguak egingo ditu herrian zehar eta bere burua eskaini zion Pablo Barrio alkateari, dokumentazioa eraman behar zaionean Villa Mirentxutik Udaletxera bera joateko.

Lan giro arruntean

Gureak enpresako Oscar Carcerok aurkezpenean azaldu zuenez, ekimen honen helburua, adimen urritasuna duten pertsonei tailer okupazionaletatik kanpoko lan esperientzia, entitate pribatu zein publikoetan, eskaintzea da.
Proiektua, lan munduan esperientzia izan ez dutenei dago zuzenduta eta batez ere hezkuntza sistema arruntean ibilitako adimen urritasuna duten pertsonei.
Hauek hezkuntza prozesua eskola arruntean egin dute eta behin amaituta, Gureak taldearen tailerrak dituzte soilik lan irtenbide, urritasuna duten beste pertsona batzuekin. Proiektu honekin lan giro arruntean adimen urritasun duten pertsonei lekua egiten zaie, hau ezagutu eta honetan jarduten ikas dezaten.
Pablo Barrio alkateak sinatu zuen hitzarmena eta horrelako ekimenek adimen zein urritasun fisikoak dituzten pertsonen gizarteratzean duten garrantzia azpimarratu du. Jonek lau orduko lanaldia du eta hasiera batean, bere zereginak modu autonomoan egiteko gai izan arte, Gureak-eko lan koordinatzaile den Leire Feo-ren laguntza izango du.

Zerbitzuaren onerako

Maite Higuerok Gizarte Zerbitzuetako arduradunaren ustetan Jonek langile kualifikatuak bulegoko zenbait eginbeharrez liberatuko ditu eta horrek zerbitzuan eragin positiboa izango du.
Jonekin 65 dira Gipuzkoan momentu honetan martxan dauden mota honetako esperientziak, hauen artean %30-35 instituzio publikoetan eta gainontzekoak enpresa pribatuetan. Proiektuaren azkenen helburua, pertsona hauentzat lan finkoago bat topatzea litzateke ikasketa prozesuari denboran jarraikortasuna eman ahal izateko.