Adarrako etxe babestuek badute jabea

maider-azurmendi 2011ko irailaren 12a

Zozketa asteazken goizean egin zen kultur etxeko areto nagusian. Bi txandatan banatu ziren etxeak, lehenengoan 35 urtetik beherakoentzako 63ak eman ziren eta ondoren, gainontzeko kupoetakoak. Lasarteoriatar mordoa gerturatu zen bertatik bertara zozketa jarraitzeko baina zorion aurpegi gutxi ikusi ahal izan ziren. Kasu hauetan gertatu ohi den moduan, gutxi batzuek zortea izan zuten eta gehiengoa berriz, etxera esku-hutsik bueltatu behar izan zen.

Goizeko 11:00etan hasi zen etxebizitza kupo handienaren zozketa. Kultur etxeko areto nagusian urduritasuna zen nagusi. Mahaian, zozketa gidatzen, notarioarekin batera alkatea, udaleko informatika arduraduna eta udaleko kontu hartzailea ziren. Garaiz hasi zen prozesua zozketa egiteko erabiltzen den sistema informatikoaren azalpen zehatzarekin.
Lehen 63 etxebizitzak 660 eskatzaileen artean banatu ziren. Kupo honetan sartzeko, 35 urte baino gutxiago izan eta gehienez hiru kideko familia osatzea eskatzen zen. Etxeak logela bakarra, bi edota hirukoak dira eta prezioak 100.000 eurotik 147.000 bitartekoak.
Ondoren 12:30ean, zozketarako sistema bera erabiliz, gainontzeko etxeak eman ziren; mugikortasun urritasuna duten pertsona zein familiei zegozkien 3 etxeak, 35 urte beherakoak izanda lau edo bost kideko familientzako 2ak, 35 urtetik gorakoak izan eta bat edo bi kideentzako 23 etxeak eta azkenik, 35 urtetik gorako hiru edo lau kideentzako 7ak.
Bi zozketetako emaitzak Kultur Etxeko kafetegian jarri ziren momentuan eta Udalaren web orrialdean ere begiratu daitezke. Zalantzak argitzeko herritarrak Udaletxera jo beharko du. Etxebizitza egokitu zaienei berriz, datozen egunotan Udalak informazioa etxera bidaliko die jarraitu beharreko pausoak azaltzeko.

Nahigabea eta poza

Mota honetako zozketetan ohi bezala, gutxi batzuk izan ziren sarituak eta gehiengoa hurrengo zozketan zortea izateko itxaropenarekin bueltatu zen etxera. Esaterako Noelia Herrera 26 urteko lasarteoriatarrak azaldu zigunez, bere hirugarren zozketa izan zen asteazkenekoa eta honetan ere ez zuen zorterik izan. "Gaurkoan bi zenbaki nituen baina ezer ez, beste batean beharko du. Pena da baina asko gara eta norbait gabe geratu behar. Zozketa honetan oso argi geratu zait hau burutzeko erabiltzen den sistema zein den eta banaketa guztiz garbia dela ziurtatu dut" Beste zozketa batzuen zain da gaztea, izan ere, "merkatuan dauden etxeen prezioak altuegiak dira niretzat, eta uste dut nire adineko guztientzat. Pena da baina Babes Ofizialeko etxe hauetako bat egokitzean datza momentuz gurasoenetik ateratzeko aukera bakarra."
Aurpegi hobea zuen Ainara Urdanpilletak. Irribarrea ezkutatu ezinik esan zigun zozketa askotan parte hartu ondoren, azkenean etxe bat egokitu zaiola. Gaztea ia negarrez atera zen kultur etxeko aretotik zozketaren emaitza ezin sinisturik, "dagoeneko guztiz etsita nengoen, ez nuen uste hainbesteko zortea izango nuenik. Bikotea eta biok alokairuan bizi gara eta oso zaila ikusten genuen etxea erosi ahal izatea, batez ere, herrian salgai daudenen prezio altuak ikusi ondoren."
Patricia ere irribarretsu zegoen egokitutako etxearen ezaugarriak adi irakurtzen. Bere kasuan, mutilari egokitu zaio "lanean dago eta ni gerturatu naiz zozketaren emaitzak ikustera, albistea emateko deitu diot eta oraindik broma bat dela uste du, loteria bat da. Etxeen prezioak ikusita oso zaila ikusten genuen epe laburrean gurasoen etxetik ateratzea. Orain, banketxeekin hitz egin beharko da eta arazorik ez egotekotan gure etxea laster edukiko dugu".

Finantzaketa falta

Banketxeek kredituak eman ezean, asteazkeneko poza frustrazio bilakatu daiteke zenbaitentzat. Hala aipatu du Pablo Barrio alkateak ere. Bere ustetan herritar askoren errealitatea da finantziazio falta hau eta egoera honen aurrean, nolabaiteko irtenbidea eman beharko luke udalak. "Oraindik denbora gutxi daramagu alkatetzan, baina aurrera begira gure programan zehazten genuen moduan, alokairu soziala da herritarrei etxebizitza bermatzeko ikusten dugun irtenbide bakarra".
Alkatearen hitzetan, "bizi dugun errealitatearekin koherente izan behar dugu. Gazte askori bankuek finantziazioa ukatu diete eta hor zailtasun larria dago, aurreko etxebizitza zozketaren ondoren oso nabaria izan da arazo hau. Babes ofizialeko etxeari uko egin behar izan diote askok eta erreserbako zerrendan ere, asko egin behar izan da behera etxeak egokitu arte. Arazoa larria da eta Udaletik zerbait egin behar dela argi daukagu".

PSEren kritika

Lasarte-Oriako udal talde sozialistak gogoratu nahi izan du bere garaian, etxebizitza hauen eraikuntza bozkatu zenean, ezker abertzaleak kontrako bozka eman zuela. Jesus Zaballos alkate ohiaren iritziz, paradoxikoa da bere taldea alkatetzan zegoenean ezker abertzaleak onartu ez zuen proiektua orain Bilduk gidatzea.
PSE-ren ustetan etxebizitzarako eskubidea herritar guztiei bermatu behar zaie eta esparru honetan eurak alkatetzan zeudenean hartutako erabakiak defendatu dituzte. Aldi berean, aurrerantzean esparru honetan gobernuko alderdi guztien arteko adostasuna lortzearen alde azaldu dira.