Ia-ia ametsetako postua lortu duela dela dio, ametsetako postua "lehena izatea" dela iruditzen baitzaio. Hala ere, ez da oso pozik agertu egindako jaitsierarekin, bai ordea lortutako emaitzarekin: "Askotan gustura geratzen zara egindako lanarekin, baina emaitza oso kaxkarra izaten da. Beste batzuetan aldiz, larunbateko jaitsiera kasu, lan eskasa eginda postu oso onak eskuratzen dituzu", dio Chourrautek.
Lehendik kanala ezagutzeak mesede egin diola aitortu digu: "Kanal bakoitza mundu bat da eta sekretu guztiak ezagutzea funtsezkoa da, nabigazioari teknika hartzeko. Azken batean, segurtasuna da irabazten duzun gauzarik onena kanala aurrez ezagututa".
Izan ere, kanal horretan hiruzpalau kontzentrazio egin dituzte aurten Xabier Etxaniz Espainiako selekzioko hautatzaile donostiarraren aginduetara. Hungariako mugatik hurbil dagoen Areál Divoká izeneko kanala ikuskatzen pasatako orduak "giltzarri" izan direla iruditzen zaio brontzezko domina eskuratu ahal izateko.
Kanpoan geratzeko zorian
Bratislavako Munduko Piraguismo Txapelketa ostegunean hasi zen Emakumezkoen K1 mailako sailkatze probarekin, baina eguraldi txarra zela medio, haize bolada gogorren eraginez bertan behera utzi zituzten emaitza guztiak.
Berri ona izan zen lasartearrarentzat, ez baitzuen printzipioz osteguneko saioan sailkatzerik lortu. Haize bolada gogorrek igaro beharreko ateak mugitzen zituzten etengabe eta jaitsiera kontrolaezina bilakatu zen piraguista guztientzat: "Igaro behar genituen ateak egon beharko luketen lekutik bi metro lekualdatu zituen haizeteak. Sailkapen proba hasieran egin zutenek ez zuten apenas haizerik izan, baina azkenak irten ginen lau piraguistok bai", dio Chourrautek. Hori dela kausa, sailkapena erabat ezohikoa izan zen.
Beheko postuetan beharko luketenak goian, eta faborito argiak azken postuetan. Herritarraren kasuan, ate batean huts egin eta 50 segundoko galera ezarri zioten epaileek, azkeneko postuetara atzeratuz. Gertatua ikusita, epaileek proba baliogabetzat jotzea erabaki zuten. Ostiralean berriro proba egin eta finalerako arazorik gabe sailkatu zen Chourraut.
Olinpiar Jokoak buruan
Herenegun lortutako emaitzarekin Espainiako selekzioari Londresko Olinpiar Jokoetan aritzeko txartela eman dio Chourrautek. Selekzio bakoitzeko kide bakarrak parte har dezake Joko Olinpikoetan, eta itxura guztien arabera, herritarra izango da hautatuko duten piraguista. Azken urteotan helburu argi eta garbia izan du Maialen Chourrautek, Londres 2012. Gorputz eta arima helburu horretara bideratu ditu hainbat urtez, eta kanpoan geratzea kolpe gogorra izango litzateke berarentzat.
Palmares bikaina
Gaztea izanagatik, -1983an jaioa da-, emaitza oso onak lortu ditu jada Maialen Chourrautek. Besteak beste, 2008ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, 2009ko Munduko Txapelketan azpi-txapeldun izan zen eta Europako Txapelketan bosgarren izatetik dator. Aurten bertan, Espainiako Txapelketa hamargarren aldiz irabazi du eta herenegun brontzezko domina jantzi zuen Munduko Txapelketan.
Horretaz gain, hainbatetan lortu du Munduko Kopako probetan dominaren bat kolkoratzea. Hurrengo erronka berria urtebete barru egingo diren Londreseko Olinpiar Jokoetan itxura ona ematea da. 2008ko Beijingo Joko Olinpikoetako sailkatze proban kanpoan geratu izanaren arantza kendu nahi du horrela. Azkenik, Munduko Piraguismo Federazioaren ranking-ean bigarren zihoan Bratislavako proba egin aurretik, eta sailkapenak hurrengo egunetan eguneratuko dituztela jakinarazi digu.