Iñigo Ibarburu lasarteoriatarra bigarren izan zen irailaren 10ean Kontxa Badiako LXVIII. Igeraldian. Buruntzaldea IKT taldekide Itsaso Tolosa hernaniarra aldiz hirugarren sailkatu zen zeharkaldi herrikoian.
Buruntzaldea IKT Igeriketa taldeko hamar igerilarik hartu zuen parte Kontxako Badiako Igeriketa Zeharkaldian. Eguraldi ona eta giro bikainarekin Donostian izan ziren Igeriketa taldeko Haitz Mitxelena, Mikel Esnal, Naroa Goikoetxea, Alazne Egiazabal, Kevin Iglesias, Mikel Arribillaga, Itsaso Tolosa, Iñigo Ibarburu, Jone Vazquez eta Garazi Alkorta; gehienentzat esperientzia berria izan zen, ur irekietan igeri egiten zuten lehen aldia zelako, eta denak oso gustura atera ziren.
Infantil mailako Itsaso Tolosa, Iñigo Ibarburu, Jone Vazquez eta Garazi Alkortak emaitza oso onak lortu zituzten 750 metroko frogan.
Mutiletan, Iñigo Ibarburu bigarren izan zen, 8' 31'' denborarekin proba burutu eta helmugan lehenengoarekin batera sartu arren. Nesketan, Itsaso Tolosa hirugarren izan zen distantzia bera 10' 18'' denboran burutuz. Bere atzetik sartu ziren Garazi Alkorta (txipak huts egin zionez ez dakizkigu denbora eta postua) eta Jone Vazquez (10garren, 11'01'' denborarekin).
Nagusiek aldiz, 2.200 metroko luzeari egin zioten aurre. Mutiletan taldekideen artean azkarrena Haitz Mitxelena izan zen, seigarren 28'26'' denborarekin. Bere atzetik sailkatu ziren Mikel Esnal (14., 32'08''), Kevin Iglesias (22., 33'24'') eta Mikel Arribillaga (31., 35'03''). Nesketan, Alazne Egiazabal izan zen azkarrena, 12. 32'21 denborarekin eta bere atzetik sartu zen Naroa Goikoetxea 36'36'' denborarekin 25.
Borja Apeztegia entrenatzaileak adierazi duenez, igerilariek denboraldi berria "modu desberdinean hasteko" balio izan zuen probak. Bere iritziz, "urte hasiera izanik, helburua lehia bizian aritzea izan ez bazen ere, oso txukun aritu ziren gure igerilariak".