Gero arte

taxio-arrizabalaga 2011ko irailaren 16a

Ez zaizkit agurrak gustatzen. Gero arteak nahiago izaten ditut, laster berriro elkartuko garenaren sentsazio goxoa barne-barneraino gezi bat bailitzan zuzentzen duten horietakoak, lagun baten adioaren erantzun gisara batzuetan; edo herriminari zuzenduak, besteetan. Ondo izan esateak hobeki sentiarazten nau, edota, negar malko artean bada ere, muxu potolo bat bidaltzeak.
Nire ahoak behin baino gehiagotan egin behar izan du baina dardara, adorea hartuta esan ere nahi izaten ez dituen hitz horien aurrean, imajinatu ere nahi ez dituen egoera horien esperoan; urrunean, kilometro ugaritara batzuetan, hizkuntza arrotz bat mintzalagun hartuta "sekula ez naiz ahaztuko" esan nahian. Gertuago besteetan, autobus baten kristalari so, isladaren beldur, eta begirada triste bat are malenkoniatsuagoa den beste batekin gurutzatuaz. Edota gertu, oso gertu, bihotza bera baina gertuago, gozo eta izu, denborak batzuetan ziztada zorrotzez eragin ditzakeen kalteei aurre egin nahian, azkenean fruituak harrari kosk egingo ote dionaren beldur.
Ez naiz ordea betirako agurrez mintzo. Betirakoak ere gustatzen ez zaizkidalako, sinesten ez ditudalako.
Gero arte esan beharrean naiz gaurkoan, halabeharrez edo hala-beharrez. Gero arte, bai, eta ez agur. Berdez jantzitako uharte hartan egin gisara; odolez eta eguzki printzez margotutako herri hartan bezala; zure etxepean, ilunpetan egin modura. Berriro itzultzeko. Berriro elkarri so egiteko. Gero arte beraz, eta eskerrik asko tartetxo hau eskaintzeagatik.