Dantzari dagokionez, iazko irakasgaiak mantendu dira, euskal dantza, euskal dantza sorkuntza eta dantza garaikidea. Talde gehiago egongo da baina bereziki aipagarria da euskal dantza sorkuntzak izan duen arrakasta. Maider Oiartzabal irakaslearen ustez, Kukukak egindako apustuetako bat izan zen hau; "konturatu ginen adin batetik aurrera, batez ere DBH mailan, euskal dantza tradizionala uzteko joera zegoela eta hau saihesteko asmoarekin sortu genuen sorkuntza. Emaitzak bikainak izan dira eta aurten bai DBH mailakoa, 12-16 urte bitartean, baita helduen talde bat ere izango dugu lehenengoz".
Sorkuntzako talde berriez gain, garaikidean helduen beste talde bat aterako da aurten. Talde berriak sortzen diren neurrian, irakasleak behar ditu Kukukak eta ikasle izandako batzuk hasiko dira irakasle lanetan: "oso garrantzitsua da pauso hau eman ahal izatea. Horrek suposatzen du lan poltsa propioa osatzen ari garela".
Nagusiak eta Solaskideak
Antzerkian, sei urtetik gorakoentzako eskaintza egin da ohi bezala. Oraindik zehazteke daude taldeak baina iaz baino gehiago izango direla iragarri dute Kukukakoek, "adin tarte batzuetan jende askok eman du izena". Berrikuntzak, bat adinduen taldea eta bestea Solaskide-ko partaideena izango dira. Lehenengoan Xumela abesbatzako zenbait kide daude baina oraindik izena eman daiteke.
Bi taldeak oso interesgarriak dira arduradunentzat "nagusien taldeak asko poztu gaitu, antzerkia eta dantza edozein adinekin praktikatu daitekeela erakusten duelako." Solaskideko lagunak eurak proposatu zuten antzerki taldea osatzea eta oso ideia ona iruditu zitzaien antzerki eta dantza eskolakoei, "euskaldun berrientzat esperientzia aberasgarria izango dela uste dugu, euskaraz mintzatzeko antzerkia praktika bikaina izan daiteke".
10 urte lanean
Ikasturte berezia da Kukukakoentzat: 10. urteurrena ospatzen dute eta ekintza bereziak egingo dira urtean zehar. Lau talderekin hasi ziren lanean eta egun 50 taldetik gora, 600 pertsona inguru, mugitzen ditu Kukukak, "eta hau behar bezala ospatu beharreko ibilbidea da". Asmoa hilero ekimen berezi bat egitea da eta urrian, euskararen egunean, edota ekainean, festa potoloak antolatzea.
Kukukak bere jardunean bidelagun izan nahi du Udala eta horretarako bilerak egin ditu zenbait ordezkarirekin. Kultur eskaintza indartu beharra ikusten du Antzerki eta Dantza eskolak eta honen inguruko proposamenak helarazi dizkie Udal ordezkariei. Pablo Barrio alkatea bera Kukukako kide da eta agerraldian parte hartu zuen. Bere iritziz, esparru hau indartzeko asmoa dute izan ere "egiteko modu berriak aurrera ateratzea da Udalaren helburua, bai Kukuka taldearekin, baita herriko beste elkarteekin ere. Udalaren konplizitatea izango dute aurrera eramaten dituzten ekintzetan".
Irailaren 29an aurkezpena
Irailaren 29an 19:00etan Kultur Etxeko Antzokian egingo den lehen ekitaldian aurkeztuko dute urteurrenaren egitaraua. Bertan, hamar urte hauetan antzerki eta dantza eskolak egindako ibilbidea erakusten duen 15 minutuko bideoa eta “Irrien lagunak” abestiarekin herrian egindako lib dub-a eskainiko dira ikasturte berriari hasiera ofiziala emanaz.
Izena emateko irailaren 19, 20 eta 21ean Kultur Etxeko lehen solairuan egin ahal izango da 11:00tik 13:00era eta 17:00tik 20:00ra bitartean, baita 655 847 345 telefonoan ere. Gainera, eskolatan berriro banatuko da izena emateko orria ekaineko aurre matrikulak konfirmatu, aldatu edota izena eman ez zutenek aukera hori izan dezaten. Egun eta ordutegi aldetik, aukera zabala egongo dela iragarri dute.