Bildu, EAJ eta LOHP alderdiek aurkeztutako ordezko proposamenean esaten da, “Udalbatzarrak indarkeria, politika egiteko edo helburu politikoak lortzeko tresna moduan arbuiatzeko konpromisoa hartzen du, edozein dela ere bere jatorria eta izaera” eta “indarkeriaren biktima guztienganako aitorpena eta errespetua azaltzen du”. Gainera, elkarrizketa politikoa aldarrikatzen du testuak.
Bestetik, aipatu bezala, langileen zerrenda proposamena jorratu zen. Gizarte zerbitzuen langile kopurua handitzea aho batez onartua izan arren, PSE-EEk kritika egin zion administrari posturako udalak ezarri duen 3. mailako hizkuntza-eskakizunari “herritarren kalterako delako”.
Azalpenak
Honetaz gain, Pablo Barrio alkateak egin diren kreditu aldaketen berri eman eta galdera-eskaerei heldu baino lehen, gobernu taldeak bi azalpen eskaini zituen.
Lehenik, Somotoko Batzordeko azken txostenari buruz dituzten zalantzak eta honetan hutsuneak izanik, gai honetan zein bidetik jo aztertzen ari direla azaldu zuen alkateak.
Bestetik, Kirol Batzordeko buruak Taxio Arrizabalagak Jesus Zaballos jaunaren kexei erantzunez jakin arazi zuen, kirol saila lanean dagoela kiroldegiko ordutegiak aldatzeko eta kirol elkarteen eskaerei erantzunez, urtarriletik aurrera, Michelingo kirol gunea 15:30etik 22:30era izango dela zabalik.
Galderei dagokionez, bakarra egon zen. PSE-EEk Atsobakarko zaharren egoitza, jangela eta haur eskolaren egoeraz galdetu zuen, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak haien ardura hartu behar baitute.
Gobernu taldeak Atsobakarreko arazoan auzibidea alde batera utzi eta EUDELen bidez konponduko duela eta haur-eskola Partzuergoaren eskuetan utziko duela azaldu zuen.
Jangelaren kasuan, egoerak berdin jarraitzen duela aipatu zuten, nahiz eta "aurreko urtean konpondua egon beharko lukeen.”