Manolo Urdanpilletaren hitzak dakartza gogora Ketxuk elkartearen hastapenak azaltzeko: “Oriatxiki baserriko sagastien azpian meriendak egiten zituzten Oria fabrikako langileek eta gazteek” eta ”Braulia Enea etxean ekonomatoa egin zutenean bertatik edariak eta bokatak hartu eta zuhaitz azpira joaten ziren merienda egin edo kartetan jokatzera”.
Arestian, Braulia enea ondoko ukuilu bat utzi eta bertan biltzen ziren; Esperantza auzoa egin zenean, berriz, lokala lortu eta elkartea sortu zuten. “Hasieran hamabi bat kide baziren ere, urte betean 80ra iritsi ziren” azaldu digu.
Auzoaren sorrera
Esperantza auzoa eraikitzeko kooperatiba egitearen ideia merienda horietan sortu zen: “Elkarteko kide diren Olaziregi, Urdanpilleta anaiak edo Txutxi Ramirez izan ziren horietako batzuk” aipatu du Ketxusek. “Talo kaleko jendearekin bat egin zuten, pertsona kopuru minimo bat behar zutelako eta kooperatiba sortu. Honela, etxebizitza merkeagoak egin eta auzoa sortu zen”.
Honetaz gain, elkartearen xedea hasieratik ehiza eta arrantzarekin lotua egon da, “egun ere ekintza eta lehiaketa ugari antolatzen dira: postuen zozketak, ibaian edo itsasoan arrantzan egiteko txangoak eta abar.”
Arrantza eta ehiza
Elkarteak ekintza hauek egiteko mendia eta postuak garbitu eta Oria ibaian arrainak askatzen dituztela azaldu digu. Gainera, familiek txangoak ere egiten omen dituzte: “udan arrantzara Leizaranera edo Oriora doaz eta paella ederrak egiten dituzte”.
“Familia izpiritua dago elkartean, elkartea azken finean, auzoko taberna eta bilgune da eta,” adierazi du.
Horregatik, saiatu da elkartea auzoko San Inazio jaiei eusten: “duela bizpahiru urte jaiak herrira zabaltzen saiatu ginen, baina azkenean auzorako utzi ditugu: bazkaria, martxa kontrolatua, usakumeen tiro lehiaketa...”
Xelebreak
Hau guztiaz gain, elkartean hainbat ekimen antolatu izan dituzte bazkideek: “Hasieratik izan dira xelebreak. Batzuk San Ferminetara edo Tolosako inauterietara irteerak antolatzen zituzten” azaldu digu.
“Gero, omenaldien garaia etorri zen, baita elkarteen arteko txapelketena ere” atxiki du eta azken urteetan, barrikotea, garagardo azoka, calçot jana, eta abar aipatu ditu Ketxus Marcosek.
Laguntzeko prest
Izan ere, Ketxusek aipatzen duenez, “sukaldari finak daude elkartean“ eta gainera, “beti egon dira laguntzeko prest, Korrika zetorrenean edota zaharren omenaldirako bazkaria prestatzen zuten.”
Bihar elkarteko sukaldarien trebetasuna ikusi ahal izango da urteurreneko bazkari herrikoian.
Urteurreneko egitaraua
Larunatean 17an hainbat ekitaldi antolatu ditu Buruntz-Azpi elkarteak 50 urte ospatzeko: Goizean, 11:00etan, Oriako Karmengo Amaren kaperan meza eta 12:30ean, auzoko plazan sagardo eta pintxo dastaketa.
Ostean, bazkari herrikoia eta ohikoa pote eta toka txapelketa. Gau aldera, herriko Ahuen eta Valentziako Floristeria Mateo Morral taldeen kontzertua egongo da.