“Nahiago nuen urruti kantatu”

jon-altuna-iza 2011ko ira. 16a, 02:00
Larunbat arratsaldean hasiko da Andoainen, Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren fasea, eta hain juxtu Ane Labaka Lasarte-Oriako bertsolariak kantatuko du lehen saio horretan, Bastero Kultur Gunean, 17:30ean, Amaia Agirre, Ander Lizarralde, Iñigo Izagirre, Mantxi eta Manu Goioganarekin batera. Fase honetako zazpi saioetako bat Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean egingo da urriaren 8an arratsaldeko 17:30ean. Andoni Otamendik kantatuko du bertan. Saio hauetarako sarrerak www.gpuntua.com web gunean daude salgai, saioa jokatu aurreko ostiralean eguerdiko 12ak arte.
Ane Labaka bertsolariak nahiago zuen Gipuzkoako Txapelketako final zortzirenetan "etxean baino kanpoan kantatu" eta Lasarte-Orian bertan ez baina oso hurbil kantatuko du, Bastero Kultur gunean.

Andoainen eta lehenengo saioan kantatuko duzu... prest?
Kanporaketa bat Lasarte-Orian zela ikusi nuenean, esan nuen, “ia ez zaidan Lasarten tokatzen!”, eta bertan ez baina herritik hamar minutura... Lehen saioa izatearena, ez dakit, agian nahiago dut, lehenengoan kantatu eta kitto. Prestatu, udara hasi aurretik esan genuen prestatuko genuela, astero elkartuko ginela, eta azken astetan ari gara zer edo zer, baina orain arte ezer ez, udalekuetan egon naiz, gero oporretan.... deskonektatuta.

Zer sentituko duzu Amaia Agirre zure irakaslearen ondoan kantatzean?
Ilusioa egiten dit, eta berari ere bai. Gustura, babes bat da. Gainera, iruditzen zait bertsolari onekin kantatzea tokatu zaidala, bera da bat eta lasai nago. Hori bai esan didate topera dabilela.

Lagunduko al dizu horrek?
Nik uste baietz.

Eta maila oneko bertsolariekin kantatzeak ere bai...
Beldur pixka bat ere ematen dit, izenak irakurri nituenean esan nuen: ni non sartu naiz?

Zein da behin final zortzirenetara iritsita zure helburua?
Banekien hori galdetuko zenidala; nik uste helburua jada bete dugula, aurrekoan ere fasez pasatzen ez bagina berdin zuela esaten genuen, baina azken finean ikusten genuen pasatzeko aukera eta pasa nahi genuen. Presio gehiago jartzen genion gure buruari, orain jada...

Ilusiorik egiten al du aurrera pasatzeak?
Bai, egin zidan. Orain, ahal dena egitera aterako gara, baina ezin dugu gehiegi espero, errealista izan behar da.

Beraz, lasai joango zara?
Ez dakit, baietz erantzun nahi nuke, baina uste dut ezetz.

15 bertso dira, hiruna ofizioan gaia emanda (Iparragirre doinuan, zortziko txikian eta zortziko handian), eta beste sei bakarka, hiru kartzelako gaiarekin nahi den doinuan eta neurrian, bi puntu erantzun eta oin batekin gehienez bost puntuko bertsoa. Zein da zuretzat lanik kuttunena?
Aurten ordena da nahiko arraroa, Iparragirreren doinuan hasi eta gero zortziko nagusian kantatzea. Bakarka ari naiz gustura. Silveirak azken Nafarroako Txapelketan erabili zuen doinua hartu dut eta gustura ari naiz horrekin. Baina hiru bertso dira...

Eta ez zaude ohituta...
Orain arte gazte sariketetan bi ziren, eta hiru bertsok istorio bat sortzea eskatzen dizu.

Zer moduz ikasketak?
Penarekin naiz orain berriro ikasketekin hasteko, baina gogoa ere badaukat Gasteizera joateko.

Gasteizen bertsolari batzuek topatu zarete, elkartzen al zarete bertsotarako?
Bai, tabernan elkartzen gara asteazkenero eta aritzen gara. Giro ona izaten da, toki ezberdinetakoak gara gainera, denak han ikasten ari garenak: Peio Ormazabal bizkaitarra, Ander Sorozabal gazteiztarra, Azpi zubietarra, Odei Iruretagoiena zarauztarra,...

Bestela, hemen, norekin aritu zara entrenatzen?
Betikoekin, Beñat Iguaranekin, Azpirekin, Unai Gaztelumendirekin,... eta azken astetan Andoni Otamendirekin. Amaia Agirre ere etorri da tarteka.

Nola ikusten dituzu Muñoa eta Otamendi lasarteoriatarrak?
Muñoa ez dakit nola ibiliko den, ez dut aspaldi ikusi eta bertsotan entzun, baina ondo egingo duela uste dut. Asko transmititzen du; oso ondo kantatzen du, (beti esaten dut bertsolari perfektua osatzeko Muñoaren ahotsa aukeratuko nuela), ondo arituko da. Eta Otamendirekin entrenatu naiz, ondo, esan digunez errimategia egiten aritu da, Kaslos Aizpuruarekin ikasitakoa lantzen,... eta gustura da etxean kantatzen duelako.

Ba al duzu faboritorik? Nork jantziko du txapela?
Aitor Sarriegik irabaziko duela esan didate askok. Baina nik uste Beñat Gaztelumendik irabaziko duela eta gustatuko litzaidake. Ez-ustekorik ere izan daiteke, jende asko da hurbil ibiliko dena, Uxue Alberdi adibidez; zaila da bat esatea.

Bertsoak idazten erakutsi duzu zure trebetasuna hainbat sariketetan... laguntzen al dute bapatean aritzeko?
Nik uste baietz. Errimatzen duten hitzen zerrendak egin eta buruan gordetzeak ez du niretzat hainbeste balio, baina bertsoak idatziz gero, badakizu nola sartu edo erabili, ez da bakarrik errima jakitea. Aspaldi ez dut bertsorik idazten, baina, bai, ariketa oso ona iruditzen zait gero bapatean egiteko. Aparte gauzei hainbat buelta ematen dizkiozu.