“Ume pobreen begiradak margotu ditut”

jon-altuna-iza 2011ko ira. 19a, 02:00
Aize Otaño, donostiarraren bigarren erakusketa da Jalgikoa. Donostiako Rekalde tabernan erakutsi zituen lehen aldiz bere lanak eta orain Jalgi Kafe Antzokira ekarri ditu. 2011n Leioako Arte Ederretako fakultatean azken ikasturtean akuarelaz egindako erretratuak zintzilikatu ditu. "Normalean olioa erabiltzen badut ere akuarelarekin egindako nire lehen lanak dira hauek" aitortu digu donostiarrak.
Aurpegi eta begiradak margotu zituen akuarelarekin Aize Otañok eta lan hauekin "begiradak" izeneko liburu bat egin zuen ondoren. Orain Jalgin jarri eta iraila osoan ikusi daitezke.

Noiztik ari zara margotzen?
Batxilergo artistikoa egin nuen, eta gero Arte Ederrak ikasi ditut Leioan.

Eskolarako derrigorrez egindako lanak al dira?
Ez. Ikasgai batean akuarela erabili behar zen eta jakin gabe hasieran beldur pixka bat nion, zer egingo ote nuen, akuarela ez da eta erraza, baina gero probatu eta ez nuen arazorik izan. Begiradetan interesatuta nengoen, umeen pobreen begiradetan, ez dira eta berdinak. Beraz internetetik ateratako argazkietan oinarritu naiz.

Ba al duzu kuttunen bat?
Lehenengo egin nituen biak agian.

Margotzen jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Bai, eta akuarelarekin jarraitzekoa ere bai, eskaerak egin dizkidatelako. Gainera akuarela oso azkarra da eta etxean margotzeko ere ez dago arazo handiegirik.

Gustatuko litzaizuke zaletasuna ogibidea bihurtzea?
Gustatu bai, baina badakit oso zaila dela. Irakaskuntzan saiatuko naiz. Irakasle izateko masterra aterako dut.

Salgai dauzkazu Jalgiko erakusketan lan batzuk...
Bai, baina, lehenengo, pena ematen du saltzeak. Nire amari denak gustatzen zaizkio eta berarengatik salduko ez banitu hobe. Denek daukate zerbait. Salduko ditudala pentsatuz egin beharko ditut. Horrela eginda agian pena txikiagoa emango dit.

Jendeari lanak erakustea gustatzen al zaizu?
Bai, lagunek ikustearekin jada pozik nago. Jendeari gustatzen zaion bitartean..