Urte latza izaten ari da 2011. Eta zer esanik ez udara. Emakumeon kontrako indarkeriak ez du etenik izan eta egunak pasa ahala herri eta hirietako jaietako datuek ez dute kontrakoa esaten. Urtea abiatu zenetik 7 erailketa kasu ezagutu ditugu, Yanela, Amaia, Jone, Rosario, portugaleten egondako erailketa, Deisy eta Sophie. Noraren kasuak argitu gabe jarraitzen du eta hori gutxi balitz, guztiok disfrutatu beharko genituzkeen jaiak emakumeentzako espazio eta momentu arrotzak bilakatu dira, egon diren eraso andana tarteko.
Iruñan 4 bortxaketen berri izan genuen, Baionan beste hiru , Donostian eta Bilbon hainbat bortxaketa salaketa eta eraso, eta beste zenbait herrietan jai eremuan eraso sexista zein eraso lesbofobo eta homofobiko anitz gertatu direla jakin dugu. 16, 22, 40…adin tarte guztietan. Iruñan, Baionan, Bilbon, Donostian, Ordizin, … herri eta txoko guztietan. Irainak, jazarpena, ikutuak, penetrazioa, … adierazpen forma guztietan. Horregatik ez gara errepikatzeaz nekatzen. Emakumeon kontrako indarkeria ez da gutxi batzuei gertatzen zaien kontua. Ez da etxe barruan edota harreman afektibo bat tarteko dagoenean bakarrik gertatzen ere. Ez dira beraz kasu isolatuak.
Emakumeon kontrako indarkeria Euskal Herrian dugun egiturazko arazo politiko, sozial eta ekonomiko larrienetarikoa da, sostengatzen dugun jendarte antolaketatik eratortzen den arazoa. Jendartean emakumeok pairatzen dugun zapalketa mantentzeko erabiltzen den tresna da, sexuen artean egun dauden botere eta menpeko harremanak betikotzeko arma.
Denok dugu ardura jendarteko gertakariekiko eta horregatik gure apostua beti, jendarte guztiaren inplikazioa, aktibazioa eta erantzuna bilatzea da. Baina instituzio publiko politikoak kudeatzen dauden politikariek ardura eta erantzunkizuna dute. Zoritxarrez, adibide oso argiak ditugu gurean. Rosario Romanen kasuan edota Deisy Mendozaren erailketan ere, salaketa jarrita egon arren babes falta nabariagatik erail zuen bere bikote ohiak. Erakundeek, haiek jarritako hainbat neurri aplikatu ez zituztelako. Iruña edo Baionako festetan bezalaxe. Jakinda aurreko urteetan indarkeria sexista kasuak egon direla ez dute inongo prebentzio lanik egin. Horrela, prebentzio lana, urgentziazko neurriak eta erantzuna herritarren esku gelditu dira beste behin ere.
Aski da! Arazoak duen dimentsio guztia kontutan ez hartzeaz. Datuak izkutatzeaz. Partxeak jartzeaz, neurri eskasak ez aplikatzeaz. Aldaketarako borondate politikorik ez izan eta emakumeon eskubideen defendatzaileen gisara agertzeaz.
Arazoari errotik egin behar diogu aurre, pertsonen arteko harreman sozial berriak eraiki eta zapalkuntzarik onartuko ez duen jendarte justuago bat eratzeko. Eta bide luze horretan badugu nondik hasi.
· Izandako salaketa eta kasu guztien gaineko jarraipena exijitzen dugu, eta horiek ekiditeko neurri errealak eta eraginkorrak jartzea.
· Borondate politikoa, martxan jarritako neurri eta protokoloen errebisio sakona, hori aurrera eramateko aurrekontuak onartzea eta euren arteko koordinazioa lantzea oso garrantzitsua dela uste dugu eta lan hau, herritarrokin batera baina instituzio publikoei dagokie.
Udara amaitzear dago baina ez aldiz herrietako jaiak. Ez dugu Iruña edo Baionan gertatukoa berriro gertatzerik nahi. Ez ditugu erailketa eta eraso sexista gehiago onartuko. Instituzioetatik jarrera aldatzen ez den bitartean emakumeak arrisku egoeran jarraitzen dugu. Ez gara geldirik geratuko ordea. Emakumeok eskubidea daukagu jaietaz disfrutatu eta lasai bizitzeko eta horregatik gure burua eta ingurukoena zainduz eta babestuz, gure defendatzeko kapazidadean sinistuz eta autodefentsa feminista praktikan jarriz, jarraituko dugu aurrera.
Era berean mundu martxako plataformatik emakume bat erailtzen dutenean aurrera eramaten dugun erantzun protokoloa ahalik eta herri gehienetan martxan jartzeko gonbidapena luzatu nahi dugu. Prentsa idatzian berria atera eta 24 ordutara herrietan kontzentrazioak eta mobilizazioak zabaltzeko deia luzatu nahi dugu.
Aski da! Indarkeria sexistari aurre egin! Emakumeok autodefentsa!
Euskal Herriko emakumeon mundu martxako plataforma