Raul Ramos jockeya bikain bere “etxean”

jon-altuna-iza 2011ko ira. 19a, 02:00
Raul Ramos Lasarte-Oriako jockeyak Gran Casino Nervion proba irabazi zuen abuztuaren 8an Lasarteko udako zaldi denboraldiko 8. jardunaldian Washita zaldiarekin. Normalean Mijasko zaldi lasterketetan parte hartzen du; Lasarten, aldiz, gutxitan aritzen da, baina aukera bat izan eta irabazi egin zuen. Bestalde, Mauri Delcher prestatzaileak hiru sari garrantzitsu irabazi ditu eta gainera bere aita omendu dute antolatzaileek, ia 50 urtean Lasarte-Oriako hipodromoan jardun ondoren erretiratu egin delako. Bestalde, sari garrantzitsuenak Osorio, Cuellarko markesak entrenatutako zaldiek eskuratu zituzten eta Urrezko kopa Frantziara joan zen.
Lasarte-Oriako hipodromoko zaldi lasterketen udako denboraldian zenbait herritar nabarmendu dira. Batetik Raul Ramos jockeyak lasterketa bat irabazi zuen, prestatzaileen artean Mauri Delcher, Ana Imaz, Roman Martin eta Ramon Avial azpimarratu daitezke, baina Miguel Alonso, Sergio Vidal eta Juan Pedro Espinozak zaindutako zaldi batzuk ere hor ibili dira tarteka lehen postuetan, Txema Valles adituak emandako informazioaren arabera.
Irailaren 4an Mauricio Delcher zaldi prestatzailea omendu zuen zaldi lasterketak antolatzen dituen Hipodromoa enpresak. Abuztuaren 15ean erretiratu zen ia 50 urtean hipodromoan aritu den prestatzailea, hain juxtu Urrezko Kopan Festeiro zaldiarekin hirugarren postua lortu eta gero.
Gainera Lasarte-Oriako zenbait zalditegi, esaterako, Ehun, Olabengo, Eva eta Rober omendu zituen Hipodromoak. Azken 20 urtetan kalerik egin gabe zaldi lasterketetan parte hartu duten zalditegi hauen fideltasuna eskertu nahi izan zuten antolatzaileek eta Ehun-eko Alberto Guinaldok, Olabengo Juanito Goyaranek, Eva Imazek eta Rober-ko Rosa Sanchezek jaso zituzten oroigarriak.
Mauri Delcher, omenduaren semeak hiru sari nagusi eskuratu ditu aurten: hirugarren jardunaldian Coca Cola saria As de Trebol zaldiarekin, laugarren jardunaldiko El Pais Criterium-a Matusalem zaldi bikainarekin eta 13. jardunaldiko Vertical Saria berriro As de Trebolekin.
Herriko zalditegi eta prestatzaileen artean, aipagarria da gainera denboraldiko lehen zaldi lasterketa, A Galopar Saria, irabazi zuela Ana Imaz prestatzaileak eta Lopetegi familiak hipodromoan bertan hazitako Leitzaran zaldiak.

Sari ugari

Bestalde, Alfonso Pérez eta Amaia Imaz lasarteoriatarren APAI zalditegiko Saioa bost urteko behorrak Hipodromoko Tabernak Saria eskuratu zuen hirugarren jardunaldian, eta Roman Martin zaldun ohiak prestatutako Satcat behorra nagusitu zen 10. jardunaldiko Hotel Viura sari nagusian. Ramon Avial prestatzailea ere asko saiatu da azken bi hilabeteotan eta garaipen bat lortu zuen abuztuaren 25ean, Kirol Prentsaren saria, Ioritz Mendizabalek gidatutako Amarie Rober zalditegiko behorrarekin.
Sari garrantzitsuenak, Juan Miguel Osorio Cuellar-ko Markesak prestaturiko zaldiek eskuratu dituzte, Donostiako Sari Nagusia, DV Saria, Kutxa Saria eta Foru Aldundiaren saria besteak beste eta Donostiako zaldi lasterketetako garrantzitsuena, 43. Urrezko Kopa ere eskuratzetik gertu izan zen Markesa Abdel zaldiarekin, baina bigarrena izan zen. Sari nagusi hau Frantziara joan zen, Jo All The Way zaldiak irabazi zuen.