Buruntzaldeko euskaltegien matrikulazio epea zabalik

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 19a

Eskualdeko euskaltegietan izena emateko epea zabalik dago eta ikasturte berria aurkezteko agerraldi bateratua egin zuten euskaltegi eta sei udaletako ordezkariek. Euskaltegien eskaintza zabala aurkezteaz gain, herritarrak euskara ikastera animatu nahi izan zituzten bildutakoek.
David Rosco Urnietako euskara zinegotziaren hitzetan, eskualdean euskara ikasteko aukera paregabea dago. "Batetik, gertutasuna, herritar gehienek pauso batean dute euskaltegia. Bigarrenik, euskara ikasteko eskaintza zabala da eta hirugarrenik, euskara ikasleek udaletatik eskura ditzaketen diru-laguntzak daude". Udaletxe bakoitzak diru laguntza hauek banatzeko era ezberdinak ditu, baina iaz guztira, 119.700 euro banatu ziren diru laguntza gisa.
Lasarte-Oriako udalak 18.000 euro eman zituen eskaera eta baldintzak betetzen zituzten 86 ikasleren artean. Euskara ikasle kopuruari dagokionez, 730 izan ziren eskualdeko euskaltegietan, 216 Lasarte-Orian.

Zerbitzu soziala

Olatz Urdanpilleta Lasarte-Oria eta Usurbilgo AEK-ko zuzendariarentzat, zerbitzu soziala da euskara ikasteko aukera izatea eta Buruntzaldeko herritarrek hau bermatuta dute. "Helburua geroz eta hiztun elebakar gutxiago egotea izan behar du, gaztelaniaz mintzatu eta bizi direnen kopurua apurka murriztuz."
Jesus Mari Asurabarrena Lasarte-Oriako udal euskaltegiko zuzendariak www.buruntzaldea.org webgunean eskuragarri dauden tresnen inguruko xehetasunak eman zituen. Euskara atalean, euskaltegiak arloan, euskaltegi bakoitzaren ordutegiak, maila edo urrats eskaintza eta prezioak ikus daitezke. Euskara ikasten hasi nahi dutenek, atal berean, diru laguntzak kontsultatu edota matrikula on-line egiteko aukera dute baita euren euskara maila neurtzeko testak ere.