Etxeko langileak euskalduntzeko asmoa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 19a

Nik ere Euskaraz Lanean (NEL) proiektua sortu dute Banaiz Bagara, Emun Koop., Caritas, Esperanza Latina, Donostia, Buruntzaldea (Andoain, Urnieta, Hernani, Lasarte-Oria) eta Villabonako Udalek. Ekimenarekin euskara ikasteko erraztasuna eman nahi zaie familia euskaldunetan lan egiten duten laguntzaileei.
Doako ikastaroa da eta langileek urria eta urtarrila bitartean 28 eskola ordu izango dituzte, hau da, astean bi ordu eskaini beharko dizkiote euskara ikasteari. Enplegatzaileen kasuan, zortzi tutoretza ordu izango dituzte, hilabetean bi.
Eskolak Donostian, Ategorrietan Caritas erakundeak duen 'Laguntza Etxean' izango dira. Lau hilabete iraungo duen esperientzia honetan langileak bere lanarekin lotutako esamoldeak, komunikaziorako egiturak eta hitzak ikasiko ditu eta, aldi berean, hizkuntza berri bati hurbiltzeko teknikak. Familiak hilean behin egingo duen bi orduko saioan ikasiko du nola egin euskaraz hizkuntza oraindik gutxi menperatzen duen pertsonari ikasten laguntzeko.

Errealitate berriak

Egun, pertsona nagusiek familia eta batez ere, etxean bertan edo kanpoan bizi diren laguntzaileen beharra dute eguneroko bizitzan. Familia edo pertsona nagusi euskaldunen errealitatean, euren ohiko hizkuntza aldatu behar dute, lanbide horretan ari diren langileekin bere egunerokotasunean aritzeko. Hauek askotan beste jatorrizko hizkuntza bat duten etorkinak baitira.
Etorkinaren ikuspuntutik, euskara ikastea ez da erraza. Dirua eta denbora inbertitu behar ditu eta gainera, euskarak lanerako balio ez dion bitartean, ez du motibaziorik ikusten hau ikasteko.
Esperientzia honen ondorioak aztertuta, ekimena gizarteko beste esparru batzuetara zabaltzea baloratuko da, agian nekazaritza edo ostalaritzara. Gainera, etorkizunean, bi aldeen interesa kontutan izanda, eta aipatutako behar horietatik abiatuz, euskara ikasten dutenentzat eta langilea bilatzen duten familientzat lan-poltsa bat sortuko litzateke.
Lehen esperientzia honetan hamabi familiek parte hartuko dute. Informazioa eskatu edota izena emateko interesa duenak 943 711847 / 645 733 818 telefonoetara deitu dezake, emailez banaiga@gmail.com helbidera zuzendu edota presentzialki, Donostiako Laguntza Etxera jo dezake, Intxaurrondo kalea, 30 zenbakian. Donostia, Buruntzaldea eta Villabonako udaletan ere NEL proiektuari buruzko informazioa eskuragarri dago.