ETA-ren aurkako mozioa baztertzeagatik haserrea adierazi du PSEk

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 19a

Udalbatzarrak terrorismoaren biktimen alde egiteko eta ETAren bat-bateko desegitear eskatzeko proposamena onartu ez izanagatik bere atsekabea agertu nahi izan du Lasarte-Oriako sozialisten udal taldeak. Idatzi baten bitartez, azken Udalbatzarrean gertatutakoaren inguruan bere iritzia azaldu nahi izan dute. PSE bereziki kritikoa da EAJ eta Herritarren Plataformak bozketan emandako ezezkoarekin.
Talde sozialistaren hitzetan "Bildu, EAJ eta Herritarren Plataformak aurkeztutako ordezko proposamenaren xedea sozialisten ahotsa isiltzea besterik ez da izan. Ezin dugu ukatu Bilduk ETA talde terrorista arbuiatzea aurrera pausua dela, baina EAJ eta Herritarren Plataformaren kasuan atzera pausu garbia da. Izan ere, zuzenbidezko estatua aho batez defendatzen dugunokin batu beharrean ezker abertzalearekin bat egin dute, gobernu akordioetako ezkutuko arrazoiengatik".
Atzera pausua deritzote, onartutako proposamenean ETAren baldintza gabeko desegitea eta armen uztea eskatzen zen puntua atxikitzearen eskaerari, EAJ eta Herritarren plataformaren aldetik jasotako ezezkoari. "Horrela eraiki nahi dute bakea?"
Era berean, oso larria iruditzen zaie sozialistei EAJ eta Herritarren Plataformak terroristen atxilotzeak amaitzearen eskaera egiten duen proposamena onartzea, "hauek ETAren hilketa eta estortsioarekin parekatuz. Honela defendatu nahi al dituzte askatasuna eta legaltasuna, gaizkileak patxadan haien delituak ordaindu gabe egonda?"

Bide okerra

Bi alderdiek "bide okerra" aukeratu dutela salatzen du talde sozialistak. Euren esanetan "gai honetan ez dago hitzerdika aritzerik. Biktimen alde zaude edo erasotzaileen alde. Hildakoen eta jazarriak direnen alde edo hiltzaile eta jazarle direnen alde." Gai honetan distantziakidetasunak ez du balio euren ustez eta "EAJ-k eta Herritarren Plataformak jakingo omen dute nola aukeratzen dituzten haien bide lagunak."
"Herritarren Plataformako bozeramaileak, Ana Isabel Prietok erakutsitako oldarkortasunak penatzen gaitu, Bildurekin duen akordioa defendatzeko, gure bozeramailea Jesus Zaballos eraso zuelako." Prietoren jarrera ez zaie egokia iruditzen "Prieto andereak ETAren desegitea eskatzea gaiari bete-betean jotzea dela baderitzo, bere arazoa da. Lasarte-Oriako biktimenganako elkartasuna udal gaia ez dela baderitzo, hark eman beharko ditu azalpenak. Jarrera aldaketa honek gure herrian pankartak eta pintadak kentzen diren moteltasunarekin zer ikusia izango ote du?"

Akordio hertsia

Udal talde sozialistaren aburuz, ekintza guzti hauek Bilduk, EAJ-k eta Herritarren Plataformak gobernu akordio hertsi bat osatu dutela frogatzen du. "Nahiz eta oposizioan daudela esan, herritarrak engainatu nahi dituzte. Akordio hau suaren kontra babestua dagoela ikusten dugu. Maskarak kentzeko ordua dugu".