Milaka irri Usurbildik Etiopiara

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 19a

Puzgarriak, haurrentzako jolasak, txotxongiloak, buruhandiak, tailerrak... denetarik egongo da irailaren 25ean Usurbilen antolatu den Irrien Lagunak klubaren lehenengo jaialdian.
Lehengo asteazkenean aurkeztu zuten jaialdia Usurbilen.
Porrotxek azaldu zuenez, Irrien Lagunak Kluba “euskaraz pentsatutako, landutako eta sortutako proiektua da, alaitasuna eta balio hezitzaileak ere badituena”. Osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna dira Klubak bultzatu nahi dituen balio horiek.

Elkartasuna

Eta azken hori, elkartasuna izango da nagusi Usurbilgo pilotaleku inguruan egingo den festa handian.
Prentsaurrekoan azaldu zutenez, urtero elkarte bat gonbidatuko dute jaialdian parte hartzera.
Aurten Etiopia Utopia fundazioa izango da eta festa handi honetako irabazi guztiak elkarteak duen Irribarreak proiektura bideratuko dira, Oraitz Gartzia elkarteko kideak azaldu zuenez.
Egitasmo honek ospitaleetako erizainak aho osasunean heztea du helburu eta honen lekuko izan ziren Porrotx eta Marimotots apirilean Etiopiara egin zuten bidaian.
“Etiopian badakite irri ozen eta alai egiten, baina guk irribarre distiratsuagoa, txantxarrik gabea egiten lagundu nahi diegu”, azaldu zuen Porrotxek.
Honela, Etiopia Utopia fundazioak bazkari berezia antolatu du, Askatasuna plazan eta Eusko Label enpresak oilasko pintxoak eta sagardoa eskainiko ditu.
Ez ahaztu beraz, irrien lagun guztiek hitzordu berezia dutela irailaren 25ean, Usurbilen.