Buruntz-Azpiren urrezko eztei ospakizun gogoangarria

jon-altuna-egitegi 2011ko ira. 19a, 02:00

Larunbata euritsu esnatu bazen ere, ez zuen Buruntz-Azpi Elkartearen 50.urteurreneko ospakizuna zapuzterik lortu.
Egun handia ospatzeko bazkari paregabea prestatu zuten Buruntz-Azpiko kideek eta herriko elkarte zein eragile gehienetako ordezkariak izan ziren bertan gonbidatu modura. Besteak beste, Pablo Barrio alkatea eta Taxio Arrizabalaga zinegotzia bertaratu ziren Buruntz-Azpiren egoitzara.

Menu paregabea

Buruntz-Azpiko lehendakari Joxe Manuel Aranburuk hitzaldi labur batekin eman zion hasiera bazkariari. Esker oneko hitzak izan zituen elkarteko bazkide guztientzat eta behin bere berbaldia amaituta, sabelak hasi ziren hizketan.
Betidanik eduki izan dute Buruntz-Azpi elkarteko bazkideek sukaldari trebe eta abilaren ospea, eta larunbateko bazkarian argi erakutsi zuten hori. Hasteko, zizka-mizka batzuk jarri zituzten mahai bakoitzean. Ostean, legatza perrexil saltsan, txirla zein kokotxez lagunduta.
Eten bat eginez, limoizko sorbetea hartu zuten bazkide eta gonbidatuek, ordurarte jandakoa jaitsi eta txuletari sabelean leku egiteko. Amaitzeko, "Buruntza" postrea: Buruntza mendia, elkartearen egoitza, ehiza eskopeta eta arrantza kanabera irudikatuz egindako nahasketa berezia. Guztia, ardo eta sagardoarekin, noski.

Bazkalosteko ekitaldiak

Behin tripak beteta, kantua eta trikitixaren txanda heldu zen. Trikitilariek lagunduta, Buruntz-Azpi elkartearen ereserkia kantatu zuen Joxe Belartietak eta txalo zaparrada itzela jaso zuen.
Bestalde, tute eta mus txapelketetako sari banaketa egin zuten eta irabazleek alkatearen eskutik jaso zituzten oroigarriak.
Lasarte-Oriako elkarte batzuek, oroigarri bat eman zioten Buruntz-Azpiri, urrezko ezteiak bete dituela zoriontzeko eta argazkia atera zuten bazkarian egon ziren guztiek.
Ilunabarrean, toka txapelketa egin zuten, eta bukatzeko Lasarte-Oriako Ahuen eta Kataluniako Floristeria Mateo Morral taldeek kontzertua eskaini zuten.