Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udako atsedenaldiaren ondoren berriz martxan jarri zen Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolarien txapelketa aurreko larunbatean Andoaingo Bastero kulturgunean eta 250 lagunen aurrean saio polita egin zuen Ane Labakak.
Udako atsedenaldiaren ondoren berriz martxan jarri zen Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolarien txapelketa aurreko larunbatean Andoaingo Bastero kulturgunean. 250 lagunen aurrean saio polita egin zuen Ane Labakak, batez ere Iparragirreren doinuarekin, eta kartzelako ariketan, hiru seme-alabak bakarrik hezi behar dituen prostitutaren paperean botatako hiru bertsoetan, nabarmendu zen. Amaia Agirre ere ondo aritu zen, hirugarrena izan zen 482,5 punturekin, Mantxi (500) eta Iñigo Eizagirreren (494) atzetik. Amaia eta Ane animatzeko “Eurra moxolas atsuak nagusi” pankarta jarri zuten zaleek Azkenean 5. izan zen Ane Labaka 463,5 punturekin, baina aipagarri da igandean Azkoitian lehena izan zen Arkaitz Oiartzabal Xamoak (460,5) baino puntu gehiago eskuratu zituela. Saio honetan Asier Azpiroz zubietarra ez zen ondo aritu eta 408 punturekin esan daiteke txapelketatik kanpo dagoela. Unai Muñoak irailaren 25ean final zortzirenetako kanporaketan hasiko du Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketa, "Lazkao-Txikiren herrian", Lazkaoko Areria kulturgunea kantatuko du igandean 17:30etan. Berarekn batera kantatuko dute, Nahikari Gabilondo, Beñat Lizaso, Beñat Iguaran, Adur Gorostidi eta Iban Urdangarinek. . Bestalde, Gpuntuaren blogean kronika polita idatzi du Aitor Azkonobietak “ikaslea eta irakaslea” izenburuarekin. “Azaroan hiru urte beteko dituen semeari lau gurpildun bizikletan nola ibili behar duen irakasten aritu nintzen larunbat goizean. Olentzerok ekarritako bizikleta estreinatu gabeari hautsa kendu ondoren, garajeko aterpearen eta lasaitasunaren babesean eman zituen Manexek bere lehen pedal-kolpeak. Kaskoa jantzi, bizikleta gainean eseri eta ohartzerako, behetik gora begira neukan adi-adi, nire aholkuak entzun eta esperientzia berriari ekiteko listo. “Pedalei eragin”, “aurrera begiratu”, “jira ezkerretara, jira eskuinera”, “pareta jo aurretik frenatu” eta nola ez, “kontuz!!!”, mila bat bider, goitik behera. Garajeari bi itzuli eman orduko, hirugarrena ematera zihoala honela esan zidan: “aita, orain hemen geratu, bakarrik emango dut hurrengo itzulia”. Edo oso irakasle ona naiz edo segituan aspertu zen konpainiarekin. Goizeko pasartea gogora etorri zitzaidan arratsaldean, Andoaingo Bastero Kulturguneko oholtza gainean Amaia Agirre eta Ane Labaka elkarren ondoan ikustean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako lehenengo kanporaketan. Amaia Aneren bertso irakaslea izan da urtetan, eta momentu batez biak irudikatu nituen “margaritak” egiten, errimategia aberasten, argudioak lantzen, doinu berriak deskubritzen… Ane behetik gora eta Amaia goitik behera. Manexek bere lehenengo pedal-kolpeak eman zituen larunbatean; Ane estreinakoz ari da Gipuzkoako Txapelketa Nagusian kantatzen. Anek dagoeneko ez du Amaiaren beharrik bere bertso ibilbidea urratzeko –oraindik ere aholku eske gerturatuko zaion arren–; Manexek, ordea, nire beharra izango duelakoan nago lau gurpiletik bi gurpiletarako saltoa egiteko. Agurreko bertsoan Anek aitortu bezala, Amaia eta bera bertso irakasle-ikasle izatetik lagun izatera pasa dira. Niri ere gustatuko litzaidake urte batzuen bueltan Manexen ahotik “nire laguna” izan nahi duela entzutea”.