Stock azoka Loidi-Barrenen

Txintxarri 2011ko irailaren 23a

Aterpea elkarteko antolatzaileek azpimarratu dute batetik aurten Stock eta Saldoen IV. Factory Azoka Loidi Barrenen izango dela, toki egokiagoan Michelingo gunea baino gertuago dagoelako Lasarte-Oria erdigunetik, bestalde aurten azokan denetariko komertzioek hartuko dutela parte, guztira 20 bat dendek eta horietatik bost Lasarte-Oriakoak direla.
"Herriko dendak animatu egin dira, denda eta komertzioak garairik onenetan ez badaude ere eta beraz Aterpea elkartean baikorrak izango gara. Zenbat eta bazkide gehiago izan gauza gehiago egingo ditugu" esan digu Aterpea elkarteko Olga Garciak. "Esku eta hankak lotuta ditugu, dendak ixten ari dira, dendariak erretiratzeko adinera iristen direlako eta belaunaldi berriek ordezkatzen ez dituztelako, eta irekitzen diren komertzio berriei esan nahi diet ona dela elkartzea eta Aterpeko bazkide izatea".
Halaber mauken azoka antolatzeko izan duten Udalaren laguntza eta babesa eskertu du Olga Garciak, udal ordezkariak, "zaharrak zein berriak" jabetu direlako komertzioa ez dela garai ona igarotzen ari eta laguntza behar duela.
Sarrera euro batekoa izango da, larunbatean eta igandean, bietan, sartu ahal izango da azokan sarrera bakarrarekin, eta hainbat sari zozketatuko dira sarrerarekin.
Urtero bezala hainbat produktu egongo dira aukerako prezioan. Hogei denda inguruk ekarriko dute biltegian saldu gabe dutena, askok modako eta markako arropa, barruko arropa eta kiroletakoa. Horietatik bost izango dira Lasarte-Oriatarrak, Bazar Abreu, Alda bitxi-denda, Ttipi-Ttapa haurren moda, El Ajuar del Bebe umeen arropa eta aulki zakuak, eta Asmae oinetako denda. •