Irrien festa erraldoia Usurbilen

maider-azurmendi 2011ko irailaren 23a

Irrien Lagunak klubak bere lehen jaialdi erraldoia egingo du igandean Usurbilen. Egun osoan, puzgarriak, haurrentzako jolasak, tailerrak, txotxongiloak buruhandiak eta ikuskizun anitz egongo da Pirritx, Porrotx eta hauen lagun koadrila osoaren eskutik.

Igandeko hitzorduan ez dute kalerik egingo Pupu eta Lore haurrek, Tiritatxo medikuak, Largabista basozainak, Mari Kalanbrek, amona Mari Txinpartak, Martin Bertso eta pailazoen beste hainbat lagunek.

Urte bete irri

Irrien Klubak azaroan beteko du bere lehen urtea, Pupu eta Lore Pirritxen umeen lehen urtebetetzea ere izango da eta Porrotxek aurreratu duenez, aurrerantzean urtero jaialdi erraldoia egiteko asmoa dute irrien lagun guztiak bildu eta elkarrekin egun oso bat jolasean pasatzeko. Horrela izanda, urtero elkarte bat gonbidatuko dute jaialdian parte hartzera.
Kluba Jose Mari Agirretxe, Porrotxen hitzetan alaitasuna eta balio hezitzaileak dituen euskaraz pentsatutako, landutako eta sortutako proiektua da eta honen ekimen guztien oinarrian osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna bezalako balioak daude. Azken hau izango da igandeko festaren ardatz nagusia. Izan ere, Etiopia Utopia fundazioa da gonbidatua jaialdiko irabaziak euren proiektura bidera ditzaten.

Etiopiarako laguntza

Etiopia Utopia fundazioak dirua 'Irribarreak' proiektura bideratuko du. Egitasmoak ospitaleetako erizainak aho osasunean heztea du helburu eta honen lekuko izan ziren Porrotx eta Mari Motots apirilean Etiopiara egin zuten bidaian.
Pailazoek herriko zenbait lagunekin egin zuten bidaia eta bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten fundazioak herrialdean burutzen duen lana. "Etiopian badakite irri ozen eta alai egiten, baina guk irribarre distiratsuagoa, txantxarrik gabea egiten lagundu nahi diegu" azpimarratu du Porrotxek.
Angel Olaran misiolari hernaniarra ezagutzeko aukera izan zuten Etiopian. Olaranek Wukro inguruan hainbat ekimen bultzatu ditu azken 20 urteotan. Azkena, irriak sendatzeko hortz klinika da eta hau martxan jartzeko Etiopia Utopia fundazioaren laguntza izan du.
Honela, fundazioak bazkari berezia antolatu du jaialdiaren baitan Askatasuna plazan 14:00ean. Honetan parte hartzeko aurretik txartelak erosi beharko dira antolatzaileek bertan jarriko duten informazio postuan. Horretaz gain, Irribarreak proiektuarentzat izango da Eusko Label enpresak oilasko pintxo eta sagardoaren salmenta 'merke merkearekin' biltzen duena ere.

Egitarau oparoa

Egun osoan zehar asko izango dira ekintza eta ikuskizunak eta hauen artean, batzuk berri berriak, "estreinaldi mundiala" alegia. Usurbilen besteak beste, Kukubiltxorekin elkarlanean egindako 'Leihotik Mundura' txotxongilo ikuskizuna estreinatuko da eta 'Irrien lagunekin Kanta eta Dantza' ikuskizun berria ere ikusgai izango da. Aisialdi gunea izango da beste berrikuntza bat eta pailazoek gainera lagun berri bat aurkeztuko dute, Klabeliñe, Kalitatea fundazioarentzako sortutako pertsonaia.

Festa dohainik

Irrien Lagunak jaialdiko ikuskizun eta ekintza guztiak doakoak izango dira eta frontoia, Mikel Laboa plaza eta Artzabal eremua izango dira jaialdiko ekintzen agerleku. Euria egitekotan, puzgarriak eta tailerrak kiroldegian egongo dira eta bazkaria ikastolan egingo litzateke.
Goizeko hamarretan emango zaio hasiera festari eta arratsaldeko zazpiak arte luzatuko da etenik gabeko ekintza, ikuskizun eta jolasekin. Frontoian egingo den txokolatadarekin jai egunari agur esango zaio, datorren urtera arte.

Egitaraua

10:30ean eta 15:30ean: Kukubiltxoren "Leihotik Mundura" antzezlana Sutegi Antzokian
11:30ean: Klabeliñeren aurkezpena frontoian
12:30ean: Ongi etorri, Pupu eta Lore!" Ikuskizunaren azken emanaldia frontoian
16:00etan: Irrien Lagunak Klubeko sari banaketa oholtzan
17:00etan: Irrien Lagunen Kanta eta Dantza ikuskizuna frontoian
Horretaz gain, puzgarriak, jolasak eta tailerrak egongo dira egun osoan zehar.