Master izeneko atala osatu nahi du Buruntzaldea Igeriketa Kirol taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ira. 23a, 02:00

Buruntzaldea IKT igeriketa taldeak aurtengo denboraldirako bere eskaintza zabalduko duela jakin arazi du, “Master atala” delakoaren sorrerarekin.
Taldeak sortu nahi duen atal berri honen barruan proba herrikoietan aritzen diren igerilariak, triatloilariak, igerilari ohiak, itsas zeharkaldiak egiten dituzten igerilariak eta abar sartzen dira.

Entrenamendu orduak

Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, entrenamenduak astelehena, asteazkena eta ostiraletan izango dira, Lasarte-Oriako igerilekuan.
“Master atala zehazten joateko bidean, ezinbestekoa iruditzen zaigu interesatuak daudenek zein ordutegi aukera duten jakitea,” adierazi dute.
Hori dela eta, igeriketa taldearen blogean, www.buruntzaldeaikt.blogspot.com, eskuineko zutabean inkesta bat jarri dute master atalean parte hartu nahi dutenek entrenamenduen ordutegia aukera dezaten.
“Interesatuak zaudetenak nahiago duzuen ordutegiengatik bozkatu dezakezue, aukera bat baino gehiago aukeratu ditzakezue,” jakin arazi dute elkartetik.

Zehaztasunak

Gauzak honela, Buruntzaldea IKT-k ordutegiak zehazten dituenean, arautegi guztia, entrenamendu egunak, orduak, kuotak eta abar bere blogeko MASTERRAK atalean publikatuko ditu.
Era berean, interesatuekin bilera bat egingo dute azalpen guztiak emateko.