Gizarte langileen hizkuntz-eskakizunari kritika egin dio Lasarte-Oriako PSEk

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 23a

Lasarte-Oriako udal talde sozialistak Bildu, EAJ eta Herritarren Plataformak gizarte langileen postu berrientzat egin duten hizkuntza-eskakizunaren kritika egin du, komunikabideetara bidalitako ohar batean.
"Sailaren arduradunaren eta bi gizarte langileren postuentzako 3. maila eskatzea, gure herriko hizkuntza errealitatea saihestea dela deritzogu," azaldu du Jesús Zaballosek oharrean.
Lanbideri egin dioten kontsultaren arabera, 26 lasarteoriatar daude gizarte langile postu bat eskatzen dutenak eta horietatik 3 dira bakarrik hizkuntza-eskakizuna betetzen dutenak.

Herritarrei aukerarik ez

Zinegotzi sozialistaren aburuz, "kontuan izan behar dugu, postu horiek argitaratzean herritik kanpoko jendea izango dela hauetarako izena emango duena, gure udaletxetik ez baita gure herritarren onura bermatzen."
"Akats handia da lasarteoriatarren aukerak mugatzea, batez ere, hainbat auzokide langabezian daudenean," amaitzen du prentsa oharraherriko talde sozialistaren bozeramaileak.