PP eta PSEren jarrerari erantzun egin die EAJ-k

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 23a

Aurreko astearteko udal-batzarrean ETAren jardunaren inguruan onartu zen mozioari buruz, PP-k eta PSOE-k helarazitako komunikatuei erantzun die Eusko Alderdi Jeltzaleak.
Estitxu Alkorta alderdiko bozeramaleak azaldu duenez, EAJ-ren, Bilduren eta PCLOren aldeko botoekin aurrera atera zen bortizkeriaren aurkako mozioa, EAJ-k, gainontzeko udaletxeetara eraman duen testuan oinarrituta dago eta, beti ere, PP-k eta PSOE-k aurkeztutakoaren alternatiba gisa.
“PP-k, beraz, gezurra esaten du baieztatzerakoan EAJ-k babesa eman diola Bilduren posizioari, izan ere, Bildu izan baita babesa eman diona EAJ-k egindako proposamenari,” adierazi du.

Gai delikatuarekin amaitu

Era berean, EAJ-k, ordezko mozio baten bitartez, PP-k eta PSE-EE-k, behin eta berriro, etekin politikoa atera nahi izan dioten gai delikatu batekin behin betikoz amaitu nahi izan duela azaldu du.
“Aipa mozioan PCLO-ren eta Bilduren ekarpen txiki batzuk erantsi zirela behar adina adostasun eta babesa lortzeko,” aipatzen du.
“Esan beharra dago ere, mozioak bortizkeri mota guztiak gaitzesteaz gain, argi eta garbi eta itzulingururik gabe, ETA ere gaitzesten zuela. PP-k, beraz, lotsagabekeriaz, gezurra esaten du baieztatzerakoan mozioan ETA kondenatzea saihestu zela,” salatzen du EAJk.

Bakearen aldeko mugarri

Argi eta garbi eta itzulingururik gabe ETA gaitzesten duen testua onartzearekin batera, Bilduk aurreko asteartean emandako pausoak bakearen aldeko mugarri garrantzitsua eta adierazgarria markatu duela azpimarratzen du.
“Uste dugu, hori dela jarraitu beharreko bidea, eta zentzu horretan, elkarrizketa eta negoziazioa defendatuko dugu bakea lortu arte eta bortizkeriarekin behin betikoz amaitu arte” adierazi du.
EAJ-ko zinegotziaren oharrean argi esaten da, “onartutako testua ezin litekeela hain "aberrantea" izan, izan ere, ez PP-k eta ez PSE-EE-k ez zutelako atzera bota, eurak abstenitu besterik ez baitziren egin” esanaz amaitu du oharra.