Mugikortasun Astea dela eta, bizikleta festa ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 23a

Bizikletek herria hartuko dute gaur. Lasarte-Oriako udalak Europa mailan ospatzen den Mugikortasun Iraunkorraren astearekin bat egin nahi izan du aurten ere ekintza bereziak antolatuz. Herrian zehar bizikletarekin egiteko bi ibilbide antolatu dira eta hainbat jolas burutuko dira Okendo plazan.
Bizikleta izango da gaurko protagonista nagusia izan ere garraio mota honek ingurumenarentzat zein erabiltzaileen osasunarentzat dituen onurak goraipatu nahi izan dira. Udalak festa egun honekin, mugikortasun iraunkorrago baten aldeko jarrera azaldu eta bultzatu nahi du.

Bi ibilbide
Nerea Sanchez alkateordeak azpimarratu nahi izan duenez "norbere autoa gutxiago erabiliz, oinez, bizikletaz eta garraio publikoaren erabilera bultzatu nahi da, ostiral honetan bezala urteko gainerako egunetan ere."
Festa 16:00an hasiko da Okendo plazan. Ordu honetan bizikletarekin hurbiltzen diren sei eta hamar urte bitarteko haurrekin taldea osatu eta herritik bereziki prestatutako ibilbidea egingo da. 16:30ean hamaika urtetik gorako guztien txanda izango da.
Lehenengoek ibilbide laburrago bat egingo dute batez ere herriko erdigunetik. Okendotik abiatuta Hiprodomo etorbideko bidegorri berria hartuko dute, ibai ertzeko bidegorriari jarraituz Michelin lantegi aurreraino joango dira eta bertan errepidera aterako dira Geltoki kalerantz. Laubideko bidegurutzean bidegorrira bueltatuko dira tren-geltoki aurretik Landaberri ikastolara iritsi arte, Atsobakar etorbidetik Donostia etorbidea jaitsiko dute, tren-geltoki parean berriz bidegorrian sartu eta Okendon amaitzeko.
Besteek aldiz, zertxobait luzatuko dute ibilbidea, hauek Okendotik kale Nagusira irtengo dira eta kiroldegiaren albotik Loidiko tunela jarraituz Plazaolako bidea hartuko dute Azkorteko bidearekin bat egin arte. Hortik Zirkuitu ibilbidera jaitsiko dira eta industrialdearen parean ibai ertzeko bidegorrira sartuko dira Hipodromoko zubiraino jarraituz eta hemendik, Okendora iritsiko dira.

Jolasak Okendon
Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideen laguntza izango da ibilbide guztian baita plazako jolas eta ekintza guztietan. Ondo pasatzeko ekintza dela azpimarratu du Nerea Sanchez zinegotziak "ez da lasterketa bat, bizikletaz disfrutatzeko ibilbide bat baizik." Hauek amaitzean, 17:00etatik hasi eta 19:00ak bitartean bizikletan egiteko zinta-jolasak, ginkanak eta zirkuituak egongo dira Okendo plazan.
Herrian barrena kaskoa hartuta bizikletaz gozatzeko egun ezin aproposagoa izango da beraz gaurkoa.