“Aurrekoa errepikatzen saiatuko naiz”

jon-altuna-iza 2011ko ira. 23a, 02:00
"Lazkao-Txikiren herrian" kantatuko du igandean irailaren 25ean Unai Muñoak Gpuntua, Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako final zortzirenetako kanporaketan, Nahikari Gabilondo, Beñat Lizaso, Beñat Iguaran, Adur Gorostidi eta Iban Urdangarinekin batera 17:30etan Areria kulturgunean.
Gipuzkoako txapelketan hirugarren aldiz kantatuko du Unai Muñoak: final laurdenetara iritsi zen duela zortzi urte, final erdietara duela lau,... aurtengoa ikustear dago.

Lazkaon kantatuko duzu igandean, prest al zaude?
Udan burua beste nonbait eduki dut eta ez dut askorik egin, txapelketa guztien artean aurtengoan izango da gutxiena presente izan dudana. Eta ez eragiten ez didalako: urduritzen nau, tentsioan jartzen nau, beldurtzen nau,...
Ez naiz inoiz etxean eta bakarkako lan horietan oso langilea izan, baina oraingoan gutxiago. Bildu izan naiz herrian behin edo behin, Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi eta Ainhoa Agirreazaldegik sortuta daukagun taldetxoarekin ere bai, oporretan Ander Lizarraderekin ere aritu naiz,.. beraz tentsioa nabaritzen dut proba bat delako, baina burua asko nekatu gabe noa; ez noa bereziki motibatuta eta aldarterik onenean.

Lazkao Txikiren herrian kantatuko duzula aipatu duzu...
Niretzat Lazkao Txiki handia zen, txikia baina handia aldi berean. Etxeko zaletasuna zela eta, umetan igande goizetan bertso zaharrekin jaikitzen ginela oroitzen dut eta txikitatik mirestu ditudan bertsolariak horiek dira: Mitxelena, Azpillaga eta bereziki Lazkao Txiki asko estimatzen dut.

Udan etena izan da txapelketan, baina aurreko fasean parte hartu dutenak ibiliagoak, entrenatuagoak egongo dira,... kaltegarria al da hori zuretzat?
Bertsolari gazte pila bat dago txapelketan; 22 ahots berri esan dute; fuerte datozte eta herrian bertan badaukagu bat, Ane (Labaka); oso ondo kantatu zuen larunbatean, oso saio ona egin zuen eta merezi zuena baino beheraxeago jarri zuten. Lehen zirenak badira bertsolari eta datozenak ere fuerte datoz... lehen fasean kantatzea gogorra izango litzateke eta beraz ondo etorri zaigu estuasun bat libratzea.

Kanporaketan hiru "beterano" Nahikari Gabilondo, Beñat Lizaso eta hiruok, eta beste hiru gazte zaudete, Beñat Iguaran, Adur Gorostidi eta Iban Urdangarin, nolako taldea da?
Estilo antzekoa duten bertsolariak ote garen sentipena daukat, nik ezagutzen ditudanak behintzat. Ez dira bertsolari oso poetikoak, oso literarioak, nire tankerako bertsolariak baizik eta hor ondo kokatzen dut nire burua. Aukerak ditut beraz saioan lehena egiteko eta aukerak azkena egiteko.

Iguaran amasarra ezagutzen duzu Bertso Eskolara etortzen delako, nola ikusten duzu?
Asko gustatzen zait, gaztea da eta bizitasuna du. Malizi puntu bat du, seguru aski hizketan gehiago bertsotan baino. Gaztea izanda ibilbide luzea du egiteko eta Ane bezala, oso zalea da, eta hori ezaugarri garrantzitsua da hor egoteko.

Eta beste herritarra, Andoni Otamendi?
Aspaldi ezagutzen dugu elkar,... bere oraingo tesitura ez da agian egokiena, ez da 20 urte zituenean bezala erabat horretara jarria. Niretzat bezala, txapelketa ez da lehentasun bat beretzat, baina nik uste oso paper polita egin dezakeela. Aurreko faseko bi saioetatik batean oso ondo kantatu zuen.

Eta zuk? Aurreko Gipuzkoako txapelketan eta Euskal Herriko kanporaketan lan txukuna egin zenuen, zein da txapelketa honetan zure helburua?
Egia esan, behin langa neurri batean jartzen duzunean gustatzen zaizu hortik hurbil ibiltzea, beraz finalaurrekoetan kantatzea eta Euskal Herriko kanporaketarako sailkatzea, niretzat interesgarria litzateke eta helburua hori da. Finalari begiratzea gehitxo iruditzen zait gero, izan daiteke: maximoan egonda eta baldintza batzuk emanda, ez dut uste ezinezkoa denik, baina gehitxo iruditzen zait.

Bertsolari on asko dago...
Bai, asko dago. Final erdi batekin konformatuko nintzateke eta gehienbat Euskal Herrikoari begira. Mira hor daukat.

Zenbatgarren txapelketa duzu?
Bada anekdota: lehenengo Gipuzkoako Txapelketan zortzirenak pasa eta laurdenetara iritsi nintzen, bigarrenean final erdietan gelditu nintzen, eta orduan oraingoan finala dagokit.

Nork jantziko du txapela? Ba al duzu faboritorik?
Faboritorik ez dut nik, lagun artean badakizu,... baina Beñat Gaztelumendi ikusten dut oso fuerte. Dena den aukera zabala da, Uxue Alberdik egin dezake, Aitor Sarriegik ere bai...

15 bertso kantatu beharko dituzue. Ofizioan: Iparragirre doinuan, zortziko txikian eta handian; Bakarka: kartzelan, puntuei erantzunez eta oin batekin. Zein lan duzu gustukoena? zein da zailena?
Ni erosoen zortziko handian eta Iparragirreren doinuan sentituko naiz. Txikiak beldur gehiago ematen du oro har, umorea eskatzen duelako eta jendeak leherketa txiki bat espero duelako. Baina umorea ez da beti erraza, baliteke gaia eta eguna parean tokatzea eta asmatzea; edo ez. Niri errazago egiten zait trama eta arrazoiketa.
Bakarka aritzeko, zalantza dut hamarreko handian edo doinu luzeago batean egin, Silveirak Nafarroako Txapelketan erabili zuenarekin. Zazpi puntukoa da eta eroso sentitzen naiz. Fasea pasatuko banu, laurdenetan erabiliko dudala badakit; baina saioa hor dago eta ez dut oraindik erabaki. Nahikoa ez ote da hamarreko handi batean txukun txukun kantatu eta aurrera...

Bertso irakaskuntzan, eskoletan ahozkotasuna erakusten ari zara, hori mesedegarri izango da, ezta?
Batzutan bai eta bestetan ez. Bai, bertsoa buruan daukazulako, eta zure egunerokoan oso presente daukazulako, eta, ez, agobiatzera iristen zarelako, bertsoa, bertsoa, bertsoa, popatik bertsoa... sentipen hori ere izan dut. Lehen aipatu dudan motibazio faltan hortik badago, baita maila pertsonaletik, beste gauza batzuetan eduki dudalako burua, baina badago bertsotik ihes egin nahia, ez dakit ez ote nabilen bertsotik ihesi.

Plazarik ba al duzu? Udan saio asko eduki al dituzu?
Ez naiz puntan nabilen bertsolaria, plazaz plaza, jaialdi handietan,... baina bai, baditut nire saiotxoak. Goierri aldean Bixente Gorostidirekin dezente egiten ditut, Ander Lizarralderekin, Gaztetxe eta horrelako guneetan,... Konforme nago egiten ditudan saioekin.