Atez atekoa errefusatu du PSE-k

Txintxarri 2011ko irailaren 23a

Zaborren kudeaketa dela eta lehen bait lehen 5garren edukiontzia herrian ezartzeko mozioa aurkeztu du udal talde sozialistak.

Jesus Zaballos alkate ohiak agerraldia egin du mozioaren nondik norakoak azaltzeko. Honetan besteak beste udala eta San Marko Mankomunitatearen arteko hitzarmena sinatzea eskatzen da, herrian 5garren kontenedorearekin proiektu pilotu bat martxan jar dadin.
Zaballosen hitzetan sistema honen alde egiten du alderdi sozialistak Hernani eta Usurbilen martxan dagoen atez atekoarekin “benetako arazoak” daudelako. “Herri hauetako kaleetan garbitasun falta somatzen da eta gainera herritarrentzat zaborraren kostuak nabarmen garestitu dira.”
Hurrengo plenoan, mozioa eztabaidatuko da eta sozialisten ustetan, beste alderdi politiko batzuen aldeko bozka jasoko du. Mozio honek aurretik alderdiak atez atekoaren alde aurkeztutakoa bertan behera uzten du.

100 egun
Zaballosek, udal gobernu berria lanean dagoela 100 egun bete direnenan, honen balorazioa egin nahi izan du. Talde sozialistaren ustetan kudeaketa “hutsa” burutzen ari da udal gobernua. Izan ere, “orain arte guk onartutako proiektuak martxan jarri eta alkatetzan ginela egiten genituen ekintza berdinak burutu dituzte, Mugikortasunaren Astekoak adibidez”.
Sozialistentzat herritarren artean ez da gobernu aldaketa errealik somatzen eta behingoz lanean hasteko eskatu die udal ordezkari berriei.