Udaltzain olinpikoa

jon-altuna-egitegi 2011ko ira. 26a, 02:00

Imanol Kaskante herriko udaltzainak esan dezake Joko Olinpiko batzuetan izan dela. Abuztu amaieran New Yorken izan zen Polizia eta Suhiltzaileen Olinpiar Jokoetan eta bi dominarekin itzuli da. Arraunlari izana denez -San Pedro, Astillero, Hondarribia eta Urdaibain egin du arraun-, ergometroan aritu da Joko Olinpikoetarako bereziki prestatu duten Jakob Jabits Manhattango kirol zentroan. Gorabehera dezente eduki zituzten antolatzaileek dena taxuz kudeatzeko. Izan ere, Irene urakanak ordutegietan aldaketa nabarmenak egitera bultzatu zituen antolatzaileak eta hainbat kirol froga bertan behera utzi behar izan zituzten.

Emaitza bikainak lortu ditu jaiotzez sanpedrotarra den herriko udaltzainak. Ergometroko hiru probatan aritu da, bakarkako 2000 metrokoan, eta binakako 1000 metro gizonezkoetan zein binakako 1000 metroko proba mistoan -arraunlari bakoitzak 500 metro osatu behar ditu-
Bakarkakoan, zilarrarekin konformatu behar izan zuen, bera baino denbora hobea egin baitzuen suediar arraunlari batek. Paradoxikoki, podiumeko hirugarren postua beste suediar batek eskuratu zuen. Irabazteko itxaropenik ba ote zuen galdetuta, Imanol Kaskantek esan du ez zekiela irabazteko gai izango ote zen, baina entrenamenduetan eginiko testetan "lehen postuetan" ibili zitekeela bazekiela.
Gainera, Irene urakanak eragindako ordutegi aldaketek errekuperazio denbora "oso nabarmen" mugatu ziotela eta froga artean berez izan behar lukeen atsedena faltan bota zuela adierazi du. "Lau egunetan egin behar genuena, bitan egin dugu, pentsa".
1000 metroko frogetan berriz, aurpegia eta ifrentzua ezagutu zituen. Izan ere, mistoan urrezko domina eskuratu zuen Phoenix-eko (AEB) neska baten laguntzaz: "Ez genuen elkar ezagutzen bertara joan aurretik, baina batera jarri gintuzten ergometroan aritzeko, eta lehen postua erdietsi genuen", dio Kaskantek.
1000 metroko gizonezkoen frogan berriz, zorte txarra izan zuten. Irene urakanak sortutako gorabeherengatik, bere kidea ez zen konturatu orduz aldatu zutela haien froga, eta ezin izan zuten finala jokatu: "Bere bakarkako froga eta gurearen artean tartetxo bat zuela pentsatuta, zertxobait jatera joan, eta etorri zenerako ordua pasata zegoen", esan du Kaskantek, penaz.

Bidaia gogoangarria

Gustura mintzo da AEBetara eginiko bidaiaz. Esperientzia "oso positiboa" izan dela dio, polita, eta aukera edukita, errepikatuko lukeela aitortu du. Abuztu hasieran, izen emate orria bete zuen Internet bidez. Berarekin batera New Yorkera joandako 400 bat polizia eta suhiltzaile aritu dira proba desberdinak jokatzen Olinpiadek iraun duten bi egunetan, abuztuaren 30 eta 31 egunetan, hain zuzen.
Joko Olinpikoetara "edozein" joan daitekeela dio. Gero, han bertan sailkatze froga batzuk egiten dituzte, eta onenek bakarrik dute dominen borrokan aritzeko ohorea.

Erlojuaren aurka prestatu

Prestaketari dagokionez, denboraz larri xamar ibili dela adierazi du, berandu pentsatu baitzuen Joko Olinpikoetan parte hartzea. Aurten bertan utzi dio arraunlari izateari eta sasoia ez galtzeko, egunero egiten zuen San Pedrotik Donostiarako bidaia, gimnasioan gogor entrenatzeko: "Prestakuntzarekin berandu xamar ibili naizenez, goiz eta arratsaldeko saio bikoitzak egin behar izan ditut nire mailarik onena harrapatzeko. Hori nahiko arriskutsua izaten da, nekea pilatu eta lesioak izateko aukerak bikoiztu egiten baitira", dio Kaskantek.
Prestatzaile fisiko baten agindupean aritu da, eta gogor entrenatzen aritzearen fruitua jaso du Olinpiar Jokoetan.

Laguntza ekonomikorik ez

Bidaia bere osotasunean autofinantzatu behar izan zuen Imanol Kaskantek. Ez zuen inolako diru-laguntzarik jaso erakundeen aldetik eta aurrera begira, udaletxean laguntza ekonomikoa eskatu duela adierazi digu, hurrengo Olinpiar Jokoetan parte hartzea errazteko: "Hori gutxi balitz, ez dago inolako sari edo konpentsazio ekonomikorik dominaren bat ateraz gero, eta pena da egia esan", dio Kaskantek.
Aurtengoan jaso duen babes bakarra, Dyalvo Sport enpresarena izan da. Jantziz hornitu zuen herriko udaltzain olinpikoa, eta esker ona adierazi nahi izan zion Derioko enpresari.