Oscar Garcia Buruntza KT Aldaz H.K.
“Erronka handia dugu aurten”
Buruntza Aldaz H.K. taldeak asteburu honetan hasi du lehiaketa San Jorge Santurtzi taldeare aurka. Nazional B mailan hirugarren urtea du eta azken urteetan maila mantendu duen arren, aurten helburua lortzea oso zaila dela aipatu zigun taldeko entrenatzaile den Oscar Garciak larunbateko partida baino lehen.
Nola joan da aurredenboraldia?
Hilabete egin dugu lanean, lan fisikoa izan da gehien.
Hala ere, lagunarteko partida batzuk jokatu ditugu eta torneo bat ere. Taldea ondo ikusi dut.
Nola ikusten duzu taldea?
Taldea oso gogotsu dago, oso motibatua. Aurten erronka handia dugu.
Maila duen jendea etorri da eta sortu den taldearekin oso pozik gaude.
Beraz, berrikuntzak daude taldean?
Bai, horrela da. Guztira hamabost jokalari ditugu aurten taldean. Iazko taldetik bederatzi jokalari mantendu dira eta bost berri etorri dira.
Lau desagertu den Allerru taldetik datoz. Iaz Nazional A mailan lehiatu ziren eta oso maila ona dute. Eta bosgarrena herriko gazte bat da.
Zein da aurten taldearen helburua?
Aurreko urteetan bezala, maila mantentzea izango da. Baina aurten oso zaila dago.
Nolakoa da egoera Nazional B mailan?
Nazional A mailako talde batzuk jaitsi dira eta talde indartsuak dira. Beraz, aurten zailago izango dugu helburua lortzea.
Maila mantentzeko, hiru talde gainditu behar ditugu sailkapenean. Aste honetan dugu lehenengo partida eta gero pixkanaka ikusiko dugu nola doan denboraldia.
Nola ikusten duzu lehenengo arerioa?
San Jorge Santurtzi gure mailako taldea da. Iaz ere Nazional B mailan zeuden, baina aurten jokalari berriak dituela badakigu. Hala ere, partida berdindua izango dela uste dut.
Eneko Molina Eguzki ISU Leihoak
“Taularen erdialdetik gora egotea da gure helburua”
Eguzki ISU Leihoak taldeak aurten maila berria estreinatuko du, Euskal Liga. Eneko Molina entrenatzailearekin egon gara taldearen berri izateko.
Nola joan da aurredenboraldia?
Hiru bat partida jokatu ditugu eta denetarik egon da.
Lehenengoan, Nazionaleko taldearen aurka jokatu genuen. Nahiz eta 2-1 galdu, ondo ibili ziren mutilak.
Bigarrengoa, gure maila bereko talde baten aurka izan zen eta berdinketa izan zen.
Eta hirugarrenean, maila gutxiagoko taldea izan zen eta 2-0 irabazi genuen. Baina taldea nahizko gaizki ibili zen. Oraindik fisikoki ez gaude ondo.
Berrikuntzarik ba al da taldean?
Iazako talde berdinak jarraitzen du. Jokalari berri bat dugu araudia dela eta. Izan ere, 21 urte azpiko 3 jokalari izan behar dira taldeetan.
Hala ere, beste bi jokalari gehiagoren bila nabil.
Zein da taldeak duen helburua?
Gure esperantza taula erdialdetik gora egotea da. Maila hobea da, baina iaz denboraldi ona egin genuen.
Denborarekin ikusiko da, baina ez dugu uste helburua lortzeko arazorik izango dugunik.
Nolakoa da egoera Euskal Ligan?
Gipuzkoako 5 talde gaude, 2 Arabako eta 8 Bizkaiako. Gehienak maila honetan ibilitakoak dira.
Hala ere, ez dugu erreferentzia handirik. Badakigu talde batzuk ongi prestatu direla, fitxaje ugari egin dituztela.
Nola ikusten duzu lehenengo arerioa?
Hurrengo larunbatean, 18:15ean, Durangoko Kurutziaga taldearen aurka jokatzen dugu. Beste talde batzuk ikusi ditugu jokoan, baina honi buruz, ez dakigu ezer.