Ikasturtea hastear da Danok Kide guraso elkartean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 26a

Danok Kide Gurasoen elkarteak 2011-2012 ikasturteko ekintzak prestatzen hasi da.
Hezkuntza iraunkorreko ikastaroko izena ematea ireki du eta VII. Musika Topaketen lehenengo kontzertua ere prestatu du.
Urtean zehar, balioen inguruko hitzaldi zikloa eta zinema zikloa ere antolatzen dute.
Aurten gainera zinema zikloari beste ikuspegi bat eman nahi diotela aipatu digute arduradunek, “Donostiako Itsaspeko Zinema zikloko pelikulak ekartzen saiatuko gara.”
“Gai interesgarriak jorratzen dira pelikula horietan eta horrela, ikusleei hain tristeak iruditzen zaizkien gaiak alde batera uzten ditugu,” adierazi dute.

Hezkuntza iraunkorra

Honela, aipatu bezala, aurreko bederatzi urteetan egindakoari jarraituz, 50 urte baino gehiagoko pertsonen hezkuntza iraunkorrerako ikastaroa antolatu du.
Ikasturtea urriaren 18an hasiko da eta 2012ko maiatzaren 17an izango du amaiera.
Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, ikastaroak 120 ordu iraungo ditu. “Honetan gai desberdinak jorratzen dira, artea, musika, Euskal Herriko historia edo erlijioarekin zer ikusia dutenak,” esan dute.
Eta ikasitakoa osatzeko inguruko museoetara irteerak ere izango direla aipatu digute.
“Irungo Oiasso museora joateko asmoa dago edo San Telmo museo berritura. Eta urte amaieran txango bat ere egiten dugu,” adierazi digute.
Klaseak astearte eta ostegunetan emango dira, goizez, 10:00etatik 13:00etara, elkartearen egoitzan, Blas de Lezo 13 baxua.

Izena ematea

Danok Kideko arduradunek azaldu digutenez, “azken urteetan hogei bat pertsona bildu dira. Baina aurten jendeak agertu digun interesagatik, gehiago espero dugu”.
Ikastaroan izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko elkarteko telefono zenbakira, 943 371 616, deitu behar dute interesatuek, astelehenetik ostegunera, 10:30etik 12:30era.

Musika Topaketak

Era berean, Danok Kide elkarteak antolatzen duen VII. Musika topaketak ere hastear dira.
“Aurten lau edo bost kontzertu antolatuko ditugu. Hauetan, musika talde desberdinak nahasten saiatuko gara, kamara taldeak, ahots taldeak eta abar ” adierazi dute.

Tolosako lehiaketa

Lehenengo saioa ostiralean irailaren 30ean izango da, 19:30ean. Emanaldi honetan, Landarbaso abesbatza izango da Brigitarren komentuko kaperan.
Kontzertu berezia da Errenteriako koruarentzat. Tolosako Abesbatzen lehiaketan parte hartzeko hilabete geratzen zaio eta txapelketa egitaraua nola dagoen aztertzeko hainbat kontzertu eskainiko ditu, horien artean gure herrikoa.

Amaia Dorronsoro pianoan

Iñaki Tolaretxipik zuzentzen duen taldea polifonia eta folklore sailetan lehiatuko da. Horregatik, besteak beste, atal hauetako derrigorrezko lanak diren Josep Vilaren Sanctus Benedictus eta Xabier Sarasolaren Zuk zure ama doinuak edo Durufleren Ubi Caritas entzun ahalko dira komentuko kaperan.
Gainera, lan hauetako batzuetan abesbatzako kide den Amaia Dorronsoro piano jole lasarteoriatarren laguntza izango dute.