“Ibilgailu eta bizikletaren arteko harremana aldatu beharko da agian”

maider-azurmendi 2011ko irailaren 26a

Mugikortasun astearen harira herrian bidegorri sarea eta bizikletaren erabilera sustatzeko udal gobernuak etorkizunean hartu nahi lituzkeen erabakiei buruz hitz egin dugu Nerea Sanchez alkateordearekin, hain juxtu mundu osoa mugikortasun iraunkorraren astea ospatzen denean. Ostiralean Bizikleta festa egin zen Okendo inguruan.

Bizikleten presentzia herrian garrantzia izatea nahi dute udaletik eta horretarako, bidegorri sarea zabaldu baita hauek egiterik ez dauden zonaldetan irtenbideak bilatzea dute helburu udal gobernuko kideek.
Udaletik bizikletaren erabilera bultzatzeaz gain, garraio publikoaren aldeko apustu sendoa egin nahi da. Honekin lotuta, garraio publikoaren erabilera sustatzeko, udalak Mugigipuzkoa enpresarekin batera, autobus eta tren linea zein ordutegi guztiak jasotzen dituen triptiko bat argitaratu du.
Guztira 4.000 ale izango dira lehen tirada batean Kiroldegi, Kultur Etxe eta herriko dendetan herritarrentzat doan eskuragarri jarriko direnak. Horretaz gain, udaletxeko web orrian ere egongo da nahi duenak etxetik kontsultatu edota inprimatzeko.

Bizikletari lekua egin

Bizikletaren erabilerari dagokionez, herriko bidegorrien lehen azterketa bat egin du udal gobernu berriak, izan ere bizikletak herrian lekua izatea nahi dute. Azterketa honetan agerian geratu dira herriko zenbait lekutan bidegorriak gauzatzeko dauden benetako zailtasunak, adibidez Zumaburu zatian, hauek ikusita irtenbideak bilatzeko lanetan hasi dira.
Orain arte bidegorriak eraikitzeko espaloiak erabili dira, oinezkoen eta bizikletaren arteko elkarbizitza bultzatu da eta orain "planteamendu berriak egiteko ordua iritsi da eta agian ibilgailu eta bizikletaren arteko harremana aldatu beharko da. Europako hiriburu askotako adibideari jarraituz, bizikletek herri barruko errepidetan presentzia eduki beharko lukete." Teknikoki oraindik landu beharreko ideia dela azpimarratu du Nerea Sanchez-ek baina kostu aldetik, bidegorriak eraikitzea baino merkeagoa ere aterako litzaioke udalari honen hitzetan.
Herrian gauzatzeko dauden plangintza berrietan bidegorriak txertatuta daude baina hauetako batzuk denboran luze joango direnez, beste irtenbide batzuk bilatu beharko dira. Goiegiko bidegorria urtea bukatu aurretik martxan egotea espero dute baina Zabaleta Berri inguruko lanak esaterako, luze joango dira eta bitartean bertatik bizikletan ibili ahal izateko irtenbideak bilatzeko lanetan da udaletxea.
Herri barruko desplazamendutan bizikletaren erabilera sustatu nahi da eta zinegotziaren ustetan herriak badu abantaila garrantzitsu bat, "oso luzea eta nahikoa laua da" eta alde horretatik, erraza gertatzen da bizikletan ibiltzea". Bidegorri sarea luzatu den neurrian beste behar batzuk sortu dira erabiltzaileen artean. Bizikletak aparkatzeko guneak esaterako, gehiagoren beharra dago, "datorren urtera begira egingo dira izan ere, aurtengo aurrekontuarekin oso lotuta gaude eta gastuak asko neurtu behar dira."

Añorgarekin lotura

Herritarren aspaldiko eskaera bat da Añorgarekin lotzen duen bide bat egotearena. Proiektuak urteak daramatza mahai gainean baina gauzatze datarik ez du orain arte izan. Udaletxeak duen azken berria 2012an hau eraikitzen has daitezkeela da Nerea Sanchezek azaldu digunez. Gipuzkoan bidegorrien bi sare nagusi daude bat tokikoa edo lokala eta bestea Forala deritzona, lehenengoa udaletxeei dagokie gauzatzea eta bigarrenaren ardura berriz, Aldundiari dagokio.
Kasu honetan, Errekaldeko zatia Aldundiarena da eta honek gauzatu behar du bidea. Lasarte Añorga lotura horretan gainera Atsobakarren, bidegorri zati bat egin beharko litzateke eta hain juxtu zati hori Usurbilgo udalaren eremua da. Dena den, alkateordearen hitzetan Aldundiak egiten duena oso gertutik jarraituko dute udaletxetik "aspaldiko proiektu bat izanda, lehen bait lehen gauzatzea nahi genuke herritarren mesederako.