Atez atekoa errefusatu du PSE-k

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 26a

Zaborren kudeaketa dela eta lehen bait lehen bosgarren edukiontzia herrian ezartzeko mozioa aurkeztu du udal talde sozialistak
Jesus Zaballos alkate ohiak agerraldia egin zuen ostiralean mozioaren nondik norakoak azaltzeko. Honetan besteak beste udala eta San Marko Mankomunitatearen arteko hitzarmena sinatzea eskatzen da, herrian 5. kontenedorearekin proiektu pilotu bat martxan jar dadin.
Halaber, 2012ko aurrekontutan proiektua gauzatu ahal izateko diru kopuru jakin bat aurreikustea jasotzen du mozioak. Zaballosen hitzetan sistema honen alde egiten du alderdi sozialistak Hernani eta Usurbilen martxan dagoen atez atekoarekin “benetako arazoak” daudelako. “Herri hauetako kaleetan garbitasun falta somatzen da eta gainera herritarrentzat zaborraren kostuak nabarmen garestitu dira.”
Hurrengo plenoan, mozioa eztabaidatuko da eta sozialisten ustetan, beste alderdi politiko batzuen aldeko bozka jasoko du. Aipatu behar da, mozioak aurreko legealdian PSEk atez atekoaren alde onartutakoa bertan behera uzteko eskatzen duela.

100 egun

Zaballosek, udal gobernu berria lanean dagoela 100 egun bete direnenan, honen balorazioa egin nahi izan du. Talde sozialistaren ustetan kudeaketa “hutsa” burutzen ari da udal gobernua. Izan ere, “orain arte guk onartutako proiektuak martxan jarri eta alkatetzan ginela egiten genituen ekintza berdinak burutu dituzte, Mugikortasunaren Astekoak adibidez”.
Sozialistentzat herritarren artean ez da gobernu aldaketa errealik somatzen eta behingoz lanean hasteko eskatu die udal ordezkari berriei.
“Lau urtetan kudeaketa oso ona egin daiteke” esan eta adibide gisa jarri zituen euren gobernuak gauzatutako proiektuak. Hauek herritarren artean banatutako dokumentuan jaso dituzte “egindako lan onaren adibide izan daitezen”.