Aukera ugari Stock Azokan

jon-altuna-egitegi 2011ko irailaren 26a

Larunbata eta igandean Loidi-Barrengo frontoian burutu zen Aterpeak antolatzen duen urteroko Stock Azoka. Aurten, IV. edizioa zuen azokak eta lehenengoz kokatu dute Loidi-Barrenen, Michelingo guneari lekukoa hartuz. Antolatzaileek eguraldi txarrari beldur bazioten ere, eguraldi txukuna izan dute lagun asteburu osoan zehar eta jendearen harrera ona izan dela esan digute.
Guztira hemezortzi postu jarri dituzte aurten. Horietatik bost herrikoak izan dira: Bazar Abreu, Alda bitxi-denda, Kynay, Ttipi-Ttapa haurren moda eta El Ajuar del Bebé umeen arropa. Gainontzekoak Euskal Herriko leku desberdinetatik etorri dira Lasarte-Oriara. Esate baterako, Tolosa, Zarautz, Berriz eta Durangotik etorritako dendariek euren postua jartzeko aukera izan dute.
Gainera, aurtengoan herri-gunetik gertuago ospatu denez, jende gehiagoren presentzia nabaritu dutela esan digu azokaren arduradun eta Aterpea elkarteko lehendakari Olga Garcíak: "Bagenuen beldur pixka bat jendeak nola erantzungo ote zuen, baina zorionez, jende askok bisitatu du stock azoka eta balantzea positiboa izan da".
Antolakuntzatik helarazi dizkiguten datuen arabera, 1.500 pertsona inguru ibili dira Loidi-Barrenen Stock Azokak iraun duen bi egunetan.
Stock Azokara sartu nahi zuen orok euro bat ordaindu beharra zeukan, baina txartel txiki bat bete eta sei afariren zozketan sartuko zen automatikoki. Sari banaketa igande arratsaldean egin zuten Loidi-Barrengo pilotalekuan.

Zozketaren emaitzak
Sariak eta sarituen izenak honako hauek izan ziren: Martín Berasategi jatetxean bi lagunentzako afaria, Rubén Dominguezentzat izan zen. Dakarako bi pertsonentzako bi afariak berriz, Naroa Iartza eta Dolores Catanirenatzat izan ziren. Orioko Balea Hotelean aste-bukaera baterako "relax" zirkuitua eta afaria Maximinori egokitu zitzaion.
Azkenik, Balea Hotelean astean zehar erabiltzeko bi txartelak Izarne Aranburu eta Inma Sanchezi egokitu zitzaizkien.