Estilo desberdinetako musikak kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 27a

Zero Sette Akordeoi orkestrak Udalaren laguntzarekin, larunbatean, urriaren 1ean, arratsaldeko 19:30ean Lasarte-Oriako VIII. Akordeoi Jaialdia antolatu du.
Ekitaldia asteartean aurkeztu zuten Zero Sette akordeoi orkestra eta Udaleko Kultura saileko arduradunek.

Gonbidatuak

Urtero bezala, akordeoi munduan ospe handia duten nazioarteko edo estatuko gonbidatuak izango dira kultur etxeko areto nagusian.
Antolatzaileek aurreratu zutenez, aurten Jean-Louis Noton frantziarra eta Klezmatica Trio Valladolideko hirukotea.
Eta hauekin batera laster zilarrezko ezteiak ospatuko dituen herriko taldea, Zero Sette akordeoi orkestra entzuteko aukera ere izango da.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, "musika estilo desberdinak egongo dira jaialdian eta denen gustukoa izatea espero dugu".

Prezioan akatsa

Jaialdirako txartelak astelehenetik daude salgai. Asteleheneko Txintxarrian 2 eurotara saltzen zirela argitaratu bagenuen ere, okerreko informazioa eskaini genuen. Sarrerak 3 eurotan daude eskuragarri.

Master Class

Bestalde, Zero Setteko arduradunek jakin arazi dute,larunbatean bertan 16:30etik 17:30era Jean-Louis Noton frantziarrak akordeoi midiari buruzko master class bat eskainiko duela.
Beraz, instrumentu hau ezagutu nahi duen akordeoi jole edo musika irakaslei deialdia egiten diete Manuel Lekuona Kultur etxeko aretora hurbiltzera. "Etortzen denari 16:30ean puntual egotea eskatzen diogu," aipatu dute.