Pablo Barrio alkateak azpimarratu zuenez, “egoera berriaren aurrean, gure burua kokatzeko hilabeteak izan dira” eta “kokatze prozesu hori ez da bukatu oraindik”.
Arazoak
Jarraian, “herentzian jasotako” egoera aztertu zuten koorporazio berriko kideek. Alkateak azaldu zuenez, pertsonalismo handia zegoen, “alkate orojakilearen figura izan da hemen eredu. Ondorioz, alkatearen gehiegizko kontrolean oinarritu dira udal barruko egiteko moduak”.
Eta honek Udalean hainbat arazo sortu zituela salatu zuten. Lehenengoa, dialogo falta. “Langile eta teknikariekiko harremanetan elkarrizketa baztertu eta modu autoritarioak izan dira nagusi. Langileak presiopean izan dira kasu askotan,” azaldu zuen Barriok.
Bestetik, gauzak ahoz, irizpiderik gabe eta modu informalean egiteko ohitura zegoela ere jakinarazi zuen, “askotan ez dago ez araudirik, ez protokolorik gauzak egiteko prozedurak eta moduak zeintzuk izan behar diren azaltzeko“.
Orain artean erabakiak momentuko behar, gogo, nahi edota kapritxoen arabera hartzen zirela salatu zuen alkateak. “Modu horretan jokatuz faboritismo, lagunkeria eta mota guztietako susmoei zabaltzen zaizkiela ate guztiak; kontrol mekanismoen kaltetan” aipatu zuen.
Dirulaguntzak banatzeko irizpideak edota hiribusarekin gertatutakoa jarri zituzten adibide gisara. Esaterako, iazko azarotik urtarrilera arte, Hiribusaren Proba Pilotoak sortutako zorra ordaindu gabe dagoela salatu zuten.
Gainera, Hiribusaren zerbitzua sortu gabe dagoela azpimarratu zuten, “ez dago inongo dokumenturik ez akordiorik sinatuta. Halako modu… piratan dago martxan”.
Gauzak honela, arazo hauei guztiei buelta emateko lanean dihardutela jakin arazi zuten Korporazioko kideek.
Murrizketak
Ekonomiari dagokionez, 2008. urteko aurrekontuarekin segitzea, herentzia larria dela azpimarratu zuten, “beste egoera ekonomiko eta beste arazoei aurre egiteko sortutako dokumentua baita“.
Honela, 2011. urtea bukatzeko Plan Ekonomikoa egin dutela eta 2012. urteko aurrekontuan lanean ari direla aurreratu zuten.
Izan ere, egungo krisi ekonomikoa dela eta, Udalak Diputaziotik jasotzen dituen diru sarrerak %11 murriztuko direla adierazi zuten. Eta adinduen omenaldiko bazkariko mahaikide kopururuaren murrizketa, beste askoren artean lehenengoa izango dela jakin arazi zuten.
Hirigintza
Hirigintzan ere hainbat arazo aurkitu dituzte, larrienak batetik, etxegintzaren arloan, eraikitzeko irizpide falta egon dela aipatu zuten, “arau subsidiarioak partxeatu eta merkatuaren nahietara makurtuta ibili da Udala, eraikuntzako enpresen interesei jarraituz”.
Eta bestetik, eraikuntza publikoetan ikusgarritasuna nagusi izan dela. Honen adibide Udaletxe berria jarri zuten, “handia, marmolak, moketak, kristalerak alde guztietatik, haize girotua urte osoan… dauzkagunak eta bost gastatu beharko ditugu eraikin hori mantentzeko”.
Bestalde alokairuaren alde agertu zen korporazioa eta datorren urtean Plan Orokor berriari ekingo diotela adierazi zuten, “aurreikuspen batekin eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu. Ez dugu zementuan oinarritutako herria nahi, oinarri sozialak dituen herria nahi dugu”.
Lagunkeriarik ez
Honetaz guztiaz gain, hilabete hauetan eman den egoera salatu nahi izan zuten, “hainbat izan dira alkatearen bulegora jo duten pertsonak lanpostu baten eske, alokairu baten eske edo halako mesede pertsonal baten eske”.
“Hori ez da gure jokoa, guk ez dugu erabiliko gure posizioa lagunkeriatan edota klientelismotan aritzeko” argitu zuten eta Udaletxeko ateak herritar guztientzat irekita daudela azpimarratu zuten.