Egoera ekonomiko kaskarrak arrisku handiak erakusten ditu oraindik. Nouriel Roubini ekonomiako "guru"ak uste du herrialde aurreratu gehienak berriro ere atzeraldi ekonomikoan sartzen ari direla. Zalantza atzeraldiaren sakonta- sunean dagoela dio, hau da, handia edo txikia izango den. Ez dirudi, beraz, errekuperazioa gertu dagoenik. Garbi dagoen ia gauza bakarrenetako bat Europako Batasuneko eta euroaren guneko herrialdeen koordinazioak areagotu behar duela da, baina hori noski oso gai korapilotsua da. Aukera ederra daukagu aurrean Europako "Batasuna" inoiz baino batuagoa izateko…
Bestalde, gure gertuko inguruari begiratuz, Lasarte-Oriako birika nagusietako bat diren Okendo plaza eta Askatasunaren parkearen irekierak ederki zabaldu eta lasaitu du herrigunea… azkenean eta zorionez. Arraroa somatzen da udaletxe berria itxita egotea oraindik (noiz arte?). Parkearen konfigurazioa ere ez da bat ere erosoa (horrela geratuko al da?). Zer esanik ez ipini diren banku berriei buruz. Hainbat izkinetan oso zorrotzak dira eta zauriak egiteko oso aproposak. Ezin al dira egokiagoak ipini? Gune berdeetan, belar gainean egoteko edo ibiltzeko aukera egongo al da (mesedez, zakurren kakarik ez)? Ay, eta parkeko harri txuri horiek… umeen (edo ez hain umeen) eskuetan…
Beno, besterik ez... Ah, bai!!! Hainbat zutabekidek Txintxarrin idazteari utzi dutela ikusita eta beste zutabekide berri batzuk hasi direla edo hasiko direla, badirudi "beteranoena" bihurtu naizela. Gero arte joan direnei eta ongi etorri datozenei. Tempus fugit…