“Pozik nago hemen kantatuko dudalako”

jon-altuna-iza 2011ko ira. 30a, 02:00
Lasarte-Orian "oso pozik" kantatuko du Andoni Otamendik, Gpuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetan, Kultur Etxean, urriaren 8an, larunbata, arratsaldeko 17:30etan, Iñaki Apalategi, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Amaia Iturriotz eta Oihana Iguaranekin batera. Sarrerak interneten, http://www.bertsosarrerak.eu helbidean eskuratu daitezke, zortzi eurotan urriaren 7ko eguerdiko 12ak bitartean. Bertsozale elkarteko bazkideek 5 euro ordainduko dituzte eta gazteek 3.
Hurrengo larunbatean irailaren 8an kantatuko du Andoni Otamendik “etxean” eta hori abantaila ote den galdetu genion: "Jakin nuenean poz handia hartu nuen. 18-20 urterekin ez nuen horrelako pozik hartuko agian, baina ilusio handia egin dit hemen kantatzeak, normalean joaten ez diren lagunak joango dira...”

Prestatu al zara txapelketarako?
Normalean prestatu egiten naiz horrelakoetan. Lehenago ere prestatu eta emaitza kaxkarrak jasotakoa banaiz!
Parkean gehiago egon naiz preparatzen baino, baina orain ere, prestatu dut.

Serio ari zarete Ttakun-eko Bertso Eskolan...
Bai, Karlos Aizpuruarekin ikastaroa egin genuen; gero aurreko fasea prestatzen aritu ginen; udan oso gutxi elkartu gara, baina bakarka lan pixka bat egin dut, eta orain, azken asteotan, bertso eskolan aritu gara.

Bakarka zuk etxean, zer egiten duzu? bertsoak idatzi?
Ez, idatzi ez, errimategia landu eta bakarka kantatu.

Lasarte-Oriako kanporaketa berezia da lau neska direlako tartean; garai berrien adierazgarri al da?
Neskena jada ez zait berezia egiten niri, esan didatelako egin zait deigarria.
Juxtu, gainera, taldeko bi indartsuenak emakumezkoak dira. Gutxiago badira ere, alde horretatik normaltzen ari da.
Saioari dagokionez, Uxue eta Ainhoak markatuko dute diferentzia, Iñaki ere ondo ibiliko da, eta gazteak ikusi egin behar, ondo kantatuko dutela uste dut, zaharrok lan gehiago izango dugu.

Aipagarri da ama bat izango dela kantuan, Uxue...
Eta aita bat ere bai. Ez da hain deigarria baina...

Ainhoa, gaztea da baina esperientzia handikoa ere bai...
Nik baino lauzpabost urte gutxiago dauzka, baina txapelketa pila batean ibilitakoa da.

Iñaki Apalategi ere ibilbide bat egin duen gaztea da...
Bai. Eta beste biak ez ditut ezagutzen.

Amaia Iturriotz, Ane Labakarekin askotan lehiatu da eskolarteko sariketetan...
Bai, eta badakit puntu asko lortu zituela lehen fasean.

Zu, txapelketan zaharrenetarikoa izango zara?
Bai, Irazu eta Iñaki Zelaia hor daude ni baino zaharragoak, baina zaharrenetarikoa naiz.

Nola hartzen duzu hori?
Ilusioa dudan bitartean eta inguru bat dudan bitartean jarraituko dut; izena eman nuen eta ilusioarekin ari naiz, baina badakit izan daitekeela txapelketa batean nire azken saioa. Lau urte barru agian ez naiz apuntatuko. Polita ere izan daiteke hori, azken saioa Lasarten izatea.

Nahiko lasai joango al zara?
Nahi bai. Asko pozten naiz oraingo honetan ez daukadalako lehiarako gogorik. Berez asko gustatzen zait lehia, nire burua estutzea, baina ez daukat gogorik.
Egun horretan ez dakit gozatu den baina horrelako zerbait nahi dut. Baina, urduri, jarriko naiz eta tentsioa ere izango dut, nahi baino gehiago.

Zein helbururekin aurkeztu zara txapelketara?
Nahi gabe ere, nire helburua lehen fasea pasatzea zen eta behin hori lortuta, kitto.

Zenbatgarren txapelketa duzu aurtengoa?
1995ean kantatu nuen lehen aldiz, 1999an taldeka, 2003an, 2007an eta aurten.

Noiz aritu zara gusturen?
Lehenengo aldiz kantatu nuenean finalerdiaren ateetan gelditu nintzen, ordezko.
2003ko lehen faseko saioarekin oso gustura gelditu nintzen, baina gero final laurdenetako saioarekin justu kontrakoa.
Aurrekoan alaba eduki berria nintzen eta saioa eduki ez banu bezala izan zen. 1997an Euskal Herriko Txapelketan ere kantatu nuen.

15 bertso kantatu beharko dituzue. Ofizioan: Iparragirre doinuan, zortziko txikian eta handian; Bakarka: kartzelan, puntuei erantzunez eta oin batekin. Zein lan duzu gustukoena? zein da zailena?
Bakarkakoa asko gustatzen zait, gai bati doinu librean kantatzea. Zailak denak dira, baina puntuari ondo erantzutea oso zaila da, are gehiago, bakarrik bi direnean eta tentsio horretan. Txikian asmatzea, ideiak txispa puntuarekin ondo tolestea, ere oso zaila da.

Nola ikusten dituzu bertso eskolako beste lagunak?
Unai Muñoa ez da asko etorri, baina oso “bertsolaria” da eta emaitza bere gogo, ilusio eta lanaren arabera egongo da.
Ane Labaka, berriz, izan daiteke txapelketa honetako sorpresa. Horrekin dena esaten dut. Geratu daiteke fase honetan kanpoan, baina finalean ere sartu daiteke. Ane oso ondo ikusten dut.

Nork irabaziko du txapela, ba al daukazu faboritorik?
Uxue Alberdik. Bestela, Beñat Gaztelumendik. Aitor Sarriegi ere hortxe ibiliko da. Finalean hiruzpalau bertsolari berri egongo dira. Bestalde, final guztietan sartzen da gaztetxoren bat eta txartel guztiak Anek dauzka. Ikusiko dugu.