Zahartzaroaren omenaldia asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko irailaren 30a

Bihar urriaren 1a, Pertsona Adinduen Nazioarteko eguna da.
Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udaleko Ongizatea, Inmigrazioa, Kooperazioa, Emakumea eta Enplegu arloak zahartzaroaren omenaldi eguna antolatu du iganderako, urriaren 2rako.
Hainbat ekintza antolatu dira egun hori ospatzeko. Halabaina, gaur hasiko dira ospakizunak Biyak Bat erretiratuen elkartean.

Urrezko ezteiak

Aurten urrezko ezteiak ospatzen dituzten bikoteak izango dira lehen omenduak.
Erretiratuen elkarteak, Lasarte-Oriako Udala eta Kutxa, Caja Rural de Navarra eta Caixa-ren laguntzaz, oroigarri bana emango die 50 urte elkarrekin egin duten herriko 19 bikoteei.
Ekitaldia, gaur arratsaldeko 18:00etan izango da elkarteko egoitzan.

Igandeko egitaraua

Arestian aipatu legez igandean izango da herriko pertsona adinduen eguna.
Goizeko 11:00etan, hasiko dira ospakizunak San Pedro parrokian.
Meza nagusian, Patxi Etxeberriaren bertsoak, trikitixa taldearen doinuak eta dantzarien saioa izango dira.
Irteeran, Ostarte taldeko gazteek loreak banatuko dizkiete pertsona adinduei.
Eta Amalur trikitixa eskolako lagunen doinuekin kalejira alaia egingo da, parrokiatik Manuel Lekuona kultur etxeraino. Ondoren, kultur etxean bertan, 12:30ean, Lasarte-Oriako Biyak-Bat erretiratuen elkarteko abesbatzak emanaldia eskainiko du, Maria Luisa Cortajarenaren zuzendaritzapean.
Azkenik, 14:00ak aldera, 580 pertsona adindu bilduko dira Michelin kirolguneko pilotalekua egingo den bazkarian.

Azalpena

Gauzak honela, zahartzaroaren omenaldiko bazkariari buruzko argibide eta berrikuntzak azaltzen dituen oharra bidali du Lasarte-Oriako Udaleko Ongizatea, Inmigrazioa, Kooperazioa, Emakumea eta Enplegu Sailak komunikabideetara.
“Ohar honen bidez jakinarazi nahi dizuegu aurten, egoera ekonomikoa dela eta bazkarirako murrizketak egon direla baina hala ere udalak esfortzu handia egin duela jaiak bere horretan jarrai dezan eta esfortzu hau jendeak ere baloratu beharrekoa dela uste dugu,” adierazten dute oharrean.
Izan ere, aurten mahaikide kopurua murriztua izan da. Iaz 870 herritar izan baziren ere, aurten 580 izango dira igandeko bazkariaz gozatuko dutenak.

Gonbita

Era berean, aurtengo zahartzaroaren omenaldian berrikuntza dagoela jakin arazi dute saileko arduradunek, brindisa eta dantzaldia.
Eta Ongizatea, Inmigrazioa, Kooperazioa, Emakumea eta Enplegu Sailak ekimen honetan parte hartzeko gonbita egin nahi die herriko pertsona adinduei, “bazkaldu ondoren, 16:00etan, herriko jubilatu guztiak gonbidatzen zaituztegu dantzaldira eta bertan egingo den brindisera, denok jaiaz goza dezazuen”.

Egitaraua


Ostirala, irailak 30
18:00etan, Urrezko ezteiak ospatzen dituzten bikoteei omenaldia. Biyak Bat Jubilatuen etxean.

Igandea, urriak 2
11:00etan, Meza San Pedro parrokian. Bertan partehartuko du Patxi Etxeberria bertsolariak
Ostean, Amalur eskolako trikitilariek kalejira egingo dute Kultur Etxeraino.
12:30ean, Manuel Lekuona Kultur Etxean festa. Partehartzailea Biyak-Bat jubilatu etxeko korua.
14:00etan, bazkaria Michelingo pilotalekuan.
16:00etan, brindisa eta dantzaldia.